Festivales

Kalerkik Zarautzko kaleak antzerkiaz jantziko ditu asteburuan

Ohikoa denez, uztailako bigarren asteburuan burutuko dira Zarauzko Kalerki-Kale Antzerki Topaketak, aurtengo egitarauan Txile, Estatu Frantziarra, Katalunia, Andaluzia, Galizia, Murtzia zein Euskal Herriko zortzi konpainiak beste hainbeste ikuskizun eskainiko dituzte. Azpimarragarriak dira, besteak beste, Quidam taldearen L´effet sphère, Nacho Villar Produccionesek Gaupasa ekoiztetxearekin elkarlanean sortutako Habitus Mundi edo Teatro Gestual de Chilek sortutako Su-seso Taladro ikuskizunak.

Bi ikuskizun izango dira topaketen lehen egunean, uztailaren 8an. Agerraldiak Antzezkizuna Ginol Taldearen Birusak erasoan lanarekin hasiko dira, ekitaldiko protagonista Toni La Sal dela. Pertsonai bitxi honen eginbeharra airez, doministikuetan, usoen hegadetan edo kable bidez sakabanatzen diren birusei aurre egitea da.

Zarauzko Alproja taldeak sortutako ikuskizun berria ere Kalerkiren lehen egunean izango da ikusgai, Osatzen deituriko piezak “Osasuntsu bizi ote gara?”, “Zer jaten dugun ba al dakigu?”, “Zer ikusten dugun? eta batez ere, “ba al dakigu nola eragiten digun erritmo teknologiko bizi honek?” bezalako galderei erantzutea nahi du. Taldekideak ziur daude kutsatuta, gaixo eta ustelduta gaudela guztiok eta, arazo horiei aurre egiteko, mundu osoan eta urteetan esperimentatutako sendatze metodoekin koktel berezi bat egingo digute.

Efimer konpainiaren Lo Monstre kalejirarekin hasiko dira 9ko ekitaldiak, Lleidako taldearen proposamena herensugea irudikatzen duen txotxongilo erraldoi batez baliatzen da saioa burutzeko. Bi zaindariren ardurapean dabilen herensugeak jaikitzeko duen nagia erakusteaz gain, ikusleen ferekak nola bilatzen dituen edo inguruak usaintzen dituenean eragiten zaizkien doministikuak antzemango ditu ikuslegoak.

Murmullo eta Metralleta dira Txiletik gerturatuko den konpainiak eskainiko duen Su-seso Taladro antzezlanaren protagonistak, bikoteak bertigoa sentiaraziko dio ikusleari, hauen artean ez ezik errepidean dabiltzan automobilen artean ere ibiliko baitira. Berebilak Murmullo eta Metralletaren eginbeharraren ardatz bilakatuko dira, bihurrikerietarako zein abenturetarako, ekitaldian harrapatzeak edo autoen lapurretak tartekatzen baitira.

Jean-Baptiste Duperray zuzentzen duen Quidam konpainiak sortu berri duen L’Effet Sphère lanarekin amaituko dira ostiraleko agerraldiak. Malekoitik Munoara gauerdian joango den ekitaldi ibiltariko protagonistak sei hankaluze, bi antzezle eta musikari bat izango dira. Saioan etengabeko biran dabilen planeta erraldoia daraman gizaki bat eta bere inguruan jauziak egiten dituzten bi morroi ere tartekatzen dira. Halako baten, itxura baten tradiziozko ipuinetatik edo Greziako mitoetatik ateratakoak figura erraldoiak baina arinak gerturatzen dira, iduri dinamikoak eta itxuraldatutakoak sortarazteko asmoarekin.

Unibertsoaren amaiera harrapatu eta neutralizatzeko asmoa duen lagun talde bitxia irudikatzen da Granadako Vagalume taldeak sortutako Nostras Ladamus ikuskizunean. Larunbateko saioak irekiko dituen proposamen honek, 40 urte direla Lurretik abiatu eta espazioko bidea hartu zuen taldea islatzen du; hau da, autobus gidaria, mekanikaria, matematika irakaslea, gas-aditua eta abduzitutako emakume bat. Orain beraien helmugara heldu direla uste dute baina ez dute Lurra ezagutzen.

Fraide talde bat da Nacho Vilar Producciones eta Gaupasa Produccionesek elkarlanean ekoiztutako Habitus mundi laneko protagonista. Fraide-bizitzari urte ugari eskaini ondoren kalera ebanjelizatzera irten eta berehala ikusten dute edonon aurki daitekeela beraien bizimodua baino alaiagoa. Egoera horrek goitik behera aldatuko du beraien egunerokotasuna, fraide taldea dibertsioari ekingo dio kabareta zein music-hall jomuga hartuta. Lan honek Leioako Umore Azokan Euskadiko Talde onenaren saria eskuratu zuen.

Kataluniako Visitants taldearen Ruralfoc lanarekin agurtuko dira aurtengo Kalerki topaketak, sorkuntza honek nekazaritzan betidanik erabilitako tresneria piroteknia osagaiak bilakatzen dituela. Lanaren abiapuntua taldekideen senideak nekazari zereginetan izandako iraganaldian datza, ahaztekotan dagoen ogibide horrek taldekideen gogoeta eragin baitu. Visitantseko kideen asmoa nekazal irudikaria Arte Eszenikoen zerbitzura jartzea izan da.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba