Kanpingags konpainiak ‘Lapurren kobazuloa’ estreinatuko du
Kanpingags konpainiak Stephen Adly Guirgis-en «Lapurren kobazuloa» estreinatuko du asteburu honetan Donostiako Antzoki Zaharrean, Carlos Zabalaren zuzendaritzapean. Ezetz lepoa jarri antzezlan interaktiboaren ostean, Kanpingags beste komedia batekin datorkigu orain, lurralde anglosaxoietan erabat arrakastatsua izan den ‘Den of thieves’ testuan oinarrituz. Stephen Adly Guirgis egile gaztearen moldaketak Lapurren kobazuloa du izenburu eta hilabete honetan aurkeztuko da euskarazko bertsioa, gaztelerazkoa gerorako utzi dutelarik. Konpainia donostiarra sortu zuten Patxi Barko, Asier Hormaza eta Joseba Apaolazaz gain euskal antzerkigintzako izen ezagunak bilduko ditu ekoizpenak oholtza gainean, hala nola, Kandido Uranga, Kontxu Odriozola, Ainhoa Garai, Itziar Ituño eta Ainhoa Aierbe, Carlos Zabalaren zuzendaritzapean.
Lapurren kobazuloa komedia beltz, garratz eta hunkigarri bezala aurkezten dute. Bertan, lau pertsonaiaren bizitzak elkartu egiten dira terapiekin duten izaera obsesiboa dela eta. Lauren artean danetarik probatu dute: jateari, erretzeari eta edateari utzi, gozokiak, terapiak eta lapurretak. Bai, lapurretak. Eta kolpe erraz baten aukerak gure protagonistak ostera itsutu egingo ditu. Diru-goseak jota, –dirua terapia ederra baita– lapurreta burutzeko prest elkartuko dira. Lapurretako dirua, ordea, mafiarena da. Hauek azkar harrapatuko dituzte eta lau lagunek, euren artean turko-burua aukeratu beharko dute, mafiak lauetako baten heriotza eskatzen duelako. Bakoitzaren heriotzarekin munduak zer galduko lukeen azterketari ekingo diote eta seriotasuna lapurren kobazuloan une batez sartuko da, umorearen haize boladak amaiera dibertigarria ekartzen duen arte.
Stephen Adly Guirgis New Yorken jaio zen, ama irlandar jatorrikoa eta aita egiptiar etorkina zituela. Antzezlea da izatez, baina berak azaldu ohi duenez, 1992. urtean konpainia berria sortzerakoan eta bakoitzaren betebeharrak erabakitzean, berari idaztea egokitu zitzaion. Konpainia hura, LAByrinth Theater Company gaur egun ia ehun pertsonek osatzen dute munduko kultura ezberdinak uztartuz. Izan ere, ‘Latino Actors Base’ akrostikoa delako idazten dute LAB letra larriaz. Stephen Adly Guirgis-ek bere konpainia kideentzat idatzi ohi du, eta bereak dira esaterako Jesus hopped the ‘A’ train (Jesusek metroa hartu zuen), Our lady of 121st street (121st streeteko Andra Mari) eta In Arabia, We’d all be Kings (Arabian denok errege izango ginateke).