Kim Ki-duk korearrari egokitu zaio Fipresci Sari Nagusia
FIPRESCIrekin (Prentsa Zinematografikoaren nazioarteko Federazioa) lankidetzan Donostiako Zinemaldian ematen den Urteko Film Onenaren Fipresci Sari Nagusiak nazioarteko sona bereganatu du dagoeneko eta ospe horixe da aurtengo zazpigarren edizioaren garrantziaren bermerik onena. Federazioko mundu zabaleko 300 kidek euren botoa eman dute, 2004ko abuztutik 2005eko uztailera bitartean estreinatutako pelikula bat aukeratuz. Zinerik ausartena, originalena eta pertsonalena sustatzeko asmoz sortutako sari hau, zazpigarren edizio honetan azken urteotan munduko zinemagintzan ohorezko lekua lortu duen zuzendari korear bati egokitu zaio: Kim Ki-duk-i, 2004ko Veneziako Zinemaldian Zuzendari Onenaren Urrezko Lehoia eta Valladolid 2004ko Urrezko Galburua eskuratu dituen, eta orain hilabete batzuk Espainian estreinatutako Bin-jip (Burdina 3) filmagatik.
Burdina 3, oraintsu Espainian ikusi ahal izan dugun Kim Ki-duken hirugarren filma da. Burdina 3 izena golfean gutxitan erabiltzen den makilagatik datorkio. Makila bakarti eta segurua da, pelikulako protagonista bezala, gazte ixil eta lagunik gabea, etxebizitza hutsetan okupa moduan dabilena, nahiz eta etxeak bertan bizitzeko eta zaintzeko erabiltzen dituen. Berez, hautsitako gauzak konpontzen ematen ditu egunak, arropa garbitzen du eta dena txukun-txukun uzten, handik alde egin aurretik. Harik eta uste baino beteago dagoen etxe batera dihoan arte, non maitasunaz eta arduraz konpondu nahiko duen “hautsitako” neska bat bizi den. Amodiozko istorio perfektu honetan, Kim Ki-duken film guztiek barne duten luditze osagai klasikoak modu original eta soilan adierazten dira.
Fipresci Sari Nagusia Zinemaldiaren 53. edizioaren inaugurazio ekitaldian emango da, irailaren 15ean, eta bertan Kim Ki-duk zuzendari korearra gure artean izango delakoan daude antolatzaileak.