Korrika Kulturalean ikuskizuna plazaratzeko III. AEK Bekaren deialdia zabaldu du
AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak, beste hainbat arlorekin batera, euskal kulturaren sustapena du xede, beti ere gure hizkuntzaren berreskurapen eta normalizazioa lortzeko asmoz. Korrika bera, eta horren barnean Korrika Kulturala, AEKren xede eta jardueraren adibide bikainak ditugu. Korrika Kulturalari esker, AEK-k kalitate handiko kultur eskaintza egiten dio Euskal Herriari, euskal kulturaren mota askotako adierazpideak bazter guztietara eramanez eta AEK-k dituen diru baliabide apurrei ahalik eta atarramenturik handiena atereaz. Norabide horretan beste ekarpen bat egin nahi diote AEK-k eta Korrikak euskal kulturari, arte eszenikoen arloan egin ere. AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak, euskara eta euskal kultura bultzatzeko xedez, KORRIKA-AEK izeneko bekarako deialdia egiten du, hirugarrenez, honakoak izanik beronen
OINARRIAK
1.- Bekaren helburua eta objektua
– Helburua: Korrika Kulturalean ikuskizun berria plazaratzea, euskal kulturatik sortutako ikuskizun propioak bultzatzeko asmoz. Beka honen bidez, Korrika Kulturalaren ardatz izango den ekitaldi nagusia taxutzea da helburua; eta, era berean, euskal sortzaile berriei bultzada ematea eta Korrika Kulturalean zein bestelako kultur ekimenetan jendaurrean aurkez daitezkeen lanak sortzen laguntzea.
– Objektua: Ikuskizun berri eta oso baten egitasmoa ekoiztea eta egitea Korrika Kulturalaren barruan eta hark irauten duen bitartean.
– Bekaren objektu den ekitaldi edo ikuskizun mota: Arte eszenikoen arloan koka daitekeen edozein ekitaldi kultural, hau da, eszenatoki baten gainean aurkez daitekeen edozein emanaldi (bertsolaritza, antzerkia, musika, literatura, dantza, zinema, bideoa, diziplina arteko ikuskizunak…).
2.- Beka honi esker, diruz lagunduko den kultur ekitaldi edo ikuskizuna ekoiztuko da eta gutxienez Korrika Kulturalaren hamar ekitalditan antzeztuko da (2007ko urtarril eta martxoa bitartean).
3.- Euskaraz sortutako proiektuek parte har dezakete, inon argitaratuak ez direnak, edozein dela ere egilearen sorterria, bizilekua, esperientzia edo joera zein oinarritzat hartuko den gaia.
4.- Bekaren zenbatekoa eta haren ordainketa
29.000 eurokoa izango da. Kopuru horri zuzenbidearen araberako zerga atxikipenak kenduko zaizkio eta Ogasun Publikoan sartuko dira.
Sarituko denari honela ordainduko zaio beka:
– %40, epaimahaiaren erabakia jakin eta behin betiko proiektua gauzatzeko kontratua izenpetu ostean.
– %10, amaierako proiektua zertan den laburbiltzen duen lehenengo txostena ematean.
– %10, bigarren txostena ematean.
– %40, amaierako proiektua eman eta onespena jaso ostean.
Bekadunak kontratu bat hitzartuko du AEKrekin, bekaren lehenengo ordainketa jasotzeaz batera. Kontratuaren arabera, amaierako proiektua zehaztutako epean aurkezteko eta AEK-k agindutako lanaren antzezpenak, saritzen den lanaren hamar antzezpen gutxienez, gauzatzeko konpromisoa hartuko du bekadunak. Kontratuaren klausulak AEKn daude eta lehiakide guztiek haien kopia bana jaso ahal izango dute AEKren bulegoetan; hartara, ezin izango dute alegatu haien berri ez zutela.
Accesita emango balitz, epaimahaiak nahierara haren zenbatekoa erabakiko du proiektuaren kalitatearen eta egoki irizten den antzezpen kopuruaren arabera.
5.- Dokumentazioa
5.1.- Parte hartzaileek honakoak aurkeztu beharko dituzte:
– Egilearen curriculum laburra (orri bat gehienez), espresuki aipatuz egindako lanak eta harremanetan jartzeko helbide eta telefonoa.
– Landu nahi den proiektuaren azalpena (2-5 orri bitartean), ezaugarri nagusiak agertuz, hala nola, euskarriak, egitura, luzera, estiloa, edo egileari egoki iruditutako beste edozein zehaztapen: iturriak, zergatiak, helburuak…
Proiektuaren azalpenak honako lau atal hauek jaso beharko ditu
ezinbestean:
Sinopsia: lana zertan den eta zer den bertan azaltzen dena.
Xede artistikoa: goiko atalean jasotzen dena gauzatzeko zein baliabide tekniko erabiliko diren.
Egilearen ustez, zergatik den interesgarria aipatutako lana Korrika Kulturalarentzat.
Ikuskizunak beharko dituen aparteko baldintza teknikoak ere (aretoaren neurria eta edukiera, soinu ekipoak, atrezzoa..) proposamenean zehaztuko dira. Horrez gain, egileek euren proiektua hobeto azaltzeko lagungarri suerta daitekeen edozein material osagarri ere (bideoak, argazkiak eta abar) aurkeztu ahal izango dute.
– Proiektuaren aurrekontua, honela zehaztuta:
a) Produkzio aurrekontua.
Ekitaldi bakoitzaren kostua.
c) Ekitaldi bakoitzaren kostua, BEZ barne dela, ez da 3.000 eurotik gorakoa izango, publizitate, lokal, argiztapen eta soinuaren kontratazioa barne ez duela.
5.2.- Lehiatzeko dokumentazioa 2006ko apirilaren 24a eta 28a bitartean aurkeztu beharko da ondoren aipatzen den edozein helbidetan:
– AEK – Visitandines karrika 2 bis. 64100 – BAIONA
– AEK – Iztueta kalea 3 – behea. 20001 – DONOSTIA
– AEK – Arana kalea 30 – behea. 01002 – GASTEIZ
– AEK – Errekoleten kalea 16. 31001 – IRUÑEA
– AEK – Txakur kalea 1 – 4.a 48005 – BILBO
6.- Epaimahaia
Jasotako proiektu guztiak Korrika-AEK-k izendatutako epaimahaiak aztertuko ditu. Epaimahaiak, egitasmoen gaineko zalantzak argitzearren, eta egoki iritziz gero, bere aurrean agertzeko eskatu ahalko die egileei. Epaimahaikideen izenak saria ematearekin batera jakinaraziko dira.
Epaia ekainaren 29an jakinaraziko da.
Epaimahaiak berarentzat gordetzen du accesitak emateko eskubidea (ekoizpena diruz lagundu, edo ekoizpena ez baina ekitaldiak bai, edo ekitaldi kopuru txikiagoa…)
Epaimahaiak erabiliko dituen irizpideetako bat Korrika Kulturalerako propio pentsatutako ikuskizunak lehenestea izango da.
Epaimahaiak, lanen kalitatea eta plazaratze posibilitateak kontuan hartuta, saririk ez ematea erabaki dezake.
Epaimahaiaren erabakiak onartu beharrekoak izango dira.
7.- Bekadunaren eskubideak eta betebeharrak
7.1.- 2006ko azaroaren 30erako bekaren objektu den ikuskizun osoa prest edukitzea.
7.2.- Korrika-AEKren arduradunei txosten bat aurkeztea 2006ko urriaren 1a baino lehenago eta beste bat 2006ko azaroaren 6a baino lehenago, epaimahaiak proiektuaren garapena eta oinarrizko proiektuaren alderdiak zertan diren jakin dezan.
7.3.- Proiektua aurreikusitako kostuen arabera gauzatu behar da, eta kostuak ezin dira 5.1.c atalean aipatutakoak baino goragokoak izan.
7.4.- AEK-Korrika Kulturalaren antolatzaileek agindutako antzezpenak egitea, hamar gutxienez (accesitaren kasuan ez da gutxieneko kopuru hori bete behar), 2007ko urtarril eta martxoa bitartean. Data horietan egingo diren antzezpenen egile eta jabetza intelektualari dagozkion eskubideen ordainak 5.1.c atalean ezarritako aurrekontuen mugen barruan egongo dira.
7.5.- Bukaerako proiektua egiten den bitartean, sariduna epaimahaiaren kide batekin edo batzuekin bilduko da, hala eskatzen badu, lanaren edo ikuskizunaren gauzatzeko sor litezkeen arazo teknikoak aztertu eta konpontzeko.
7.6.- Saridunek amaierako proiektuan edo antzezpenetan oinarrizko proiektuan edo amaierakoan aipatzen ez den aldaketarik egin dezakete, behin epaimahaiari horren berri eman eta haren onespena jaso ostean.
7.7.- Saridunek bekarengatik jasotako dirua itzuli beharko dute kasu hauetan:
7.7.1.- Bekaren objektua den amaierako proiektua zehaztutako epean aurkeztuko ez balute, edo, epaimahaiaren iritziz, saritutako oinarrizko proiektuaren ondoan amaierako lanak kalitate, izaera edo eskainitako edukiak direla-eta alde nabarmena izango balu.
7.7.2.- Hitzartutako antzezpenak egingo ez balira.
7.8.- Antzezpen bakoitzeko ordainketa kontratuak dioen moduan egingo da.
7.9.- Ikuskizuna antzezteko datak, ordutegiak eta lekuak Korrika Kulturalaren antolatzaileek zehaztuko dituzte, saridunei aldez aurretik galdetuta.
Era berean, Korrika Kulturala Korrika 15en parte denez gero, Korrika Kulturalaren ekitaldi nagusia den beka honen bidez saritutako ikuskizunaren publizitatea, iragarpen era, datak, etab., Korrika eta saridunen artean zehaztu beharko dira, Korrikak berak behar duen osotasuna kontuan harturik.
7.10.- 2007ko urtarril eta martxoa bitartean, saritutako lana Korrika Kulturalaren antolatzaileek erabakita bakarrik antzeztu ahal izango da, eta aipatutako hilabeteetan lanaren ustiapen eskubideak AEKrenak soilik izango dira, baita irrati, zinema eta telebistarako grabatze eta uzte eskubideak eta erabilpena ere.
2007ko apirilaren 1az geroztik, AEK-k ez du lanaren gaineko inolako eskubiderik izango, haren antzezpen guztietan eta publizitatean AEKren laguntzaz eginikoa dela edo AEK Korrika Kulturalaren beka jaso zuela sartu
beharreko aipua salbu.
7.11.- Saritutako proiektua ezin izango da beste sari edo beka deialdietara aurkeztu 2007ko apirilaren 2a baino lehenago AEK eta Korrika Kulturalaren antolatzaileen beren beregiko idatzizko baimena eduki gabe. AEK-k eta berarekin batera Korrika Kulturalaren antolakuntzan edo garapenean parte hartzen duten erakundeek edozelako diru laguntza publiko edo pribatuak eskatu eta jaso ahal izango dituzte, saritutako lanaren sustapen, publizitatea eta antzezpena finantzatzeko.
8.- Proiektuen lehiaketara parte hartzeko, beren beregi onartu behar dira oinarri guztiak eta, era berean, saridunaren betebeharra izango da amaierako proiektu bat eta aginduko zaizkien antzezpenak egiteko kontratua hitzartzea. Saridunari, gutxienez, hamar antzezpen bermatuko zaizkio aintzat hartutako aldian (2007ko urtarril eta martxoa bitartean), ondorengo paragrafoan zehazten den kasuan salbu.
Funtsezko ustekabeak direla-eta, edo AEKrenak ez diren arrazoiak direla-eta aurreikusitako datetan ezin izango balitz Korrika 15en Korrika Kulturala egin, programatutako antzezpenak egiteko konpromisoak ez luke ondorerik izango.