Korrontzi taldearen uztaila oparoa
Mungian garia baten ibili omen zen trikitilari baten izen hartu duen Korrontzi taldeak, uztaila oparoa bete du hainbat kontzertu eskainiz eta izandako lehiaketetan emaitza ezin hobeak lortuz. Korrontzi folk banda bizkaitarra, talde berrientzako lehiaketa garrantzitsuenetan azken txanpetarako txartela eskuratu ondoren, emaitza ezin hobeak lortu ditu azken urte honetako banda aipagarrienen artean kokatuz. Horrela, Galiziako Ortigueirako laugarren postua eskuratu zuen aurkeztutako 80 talde desberdinen artean, eta Malagan burutu zen Eurofolk-en, berriz, bigarren postua eskuratu zuen Europa mailako herrialde desberdinetatik aurkeztutako 100 taldeen artean. Azkenik, irabazle suertatu dira Korrontzikoek azken asteburuan Asturiaseko Navelgas-Tineo herrian ospatutako “Cuatro de los Valles” txapelketan, aurkeztutako 50 taldeen artean.
Datorren igandean, beraien musikaz gozatu ahal izango dute Lugon ospatuko den Pardiñas Folk jaialdira hurbiltzen den jendea. Boskoteak melodiak eta erritmoak, giroak eta usainak, lurraldeak eta herriak biltzen ditu sortutako kantuetan, denak baitauka arrazoia eta ondorioa musika denean.
Trikitixa eta mandolina nagusitzen badira taldeak eskaintzen dituen abestietan, beste hainbat musika tresna uztartzen ditu boskoteak, hala nola, gitarra, alboka, whistlea, kajoia, baxua, beteria, txistua edo karamiloa.
Erritmo zaharretan oinarritzen badira taldeak sortutako abestiak, emanaldietan eskaintzen duten laburmetraian bildutako irudiek, gehienetan aspaldi atzean geratu ziren antzinako musikari zahar haien bizitzak irudikatzen dituzte, baina oraindik, gaur egun, Korrontziren bitartez maite eta gogoratzen dira.