Kultur Errotak milagarren emanaldia eskainiko du abenduan
Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek «formatu txiki baina kalitate handiko kultur zirkuitu» bezala definitu du Kultur Errota, Hego Euskal Herriko euskara elkarteek antolatutako ekitaldien bilduma. Guztira, 166 emanaldi eskainiko ditu Kultur Errotak aurten. Irail-abendua bitartean, gainera, 63 izango dira. Ikuskizunok Topagunean federatutako 48 euskara elkartek antolatu dituzte. Horrela, 1.000. emanaldira heldu ez ezik, 10.000 ikus-entzulerengana ere erraz iritsi da Kultur Errota aurten. «Kultur sare handien osagarria da Kultur Errota», Mendizabalen esanetan. Formatu txikia du, baina zirkuitu handiko «hainbat kulturgile» formatu horretara ere egokitzen saiatzen da. Era berean, profesionalek eta amateurrek osatutako zirkuitua da. Hortaz, Topaguneko Kultura Saileko arduradun Manuel Morenok «programazioaren pluraltasuna» azpimarratu du, «adin-tarte guztietako ikusleei zuzendutako zenbait ikuskizun antolatzen da-eta»: musika, antzerkia, diaporamak, literatura emanaldiak, ipuin kontalariak, etab. Euskara elkarteen ahalegina bikoitza da. Alde batetik, euren inguruko eskaintza kulturala aberasteko zeregina euren gain hartu dute eta, bestetik, aberaste hori kalitate eta iraunkortasunean oinarritu dute. Aurtengo programazioan literaturan ardazturiko ikuskizunen ugaritzea nabarmentzeko da, diaporamen dibertsitatea ere.
Kultur Errota egitasmo kulturalaren helburu nagusia euskarazko kultur eskaintza aberastea da. Zirkuituak programazio jarraia eta kalitatezkoa eskaintzen du eta, horrela, euskarazko kultura kontsumitzeko ohitura sortzen laguntzen du. Azkenik, zirkuitua eskaintzean, kulturgileen ekoizpena sustatze ekimena ere bada Kultur Errota.
Hori guztia antolatzeko, 145.000 euroko aurrekontua izan du Topaguneak. Azken urteetako datu ekonomikoek ageri dute autofinantzaketa maila bikoiztu dela. Aldi berean, gero eta emanaldi gehiago eskaintzen dira. Horrek euskara elkarteen lana erakusten du. Esaterako, 2002an, 125 ikuskizun antolatu zituzten elkarteek Kultur Errota egitasmoaren barruan eta, aurten, 166. Aurrera begira zirkuitua hobetzen jarraitzeko asmoa agertu du Topaguneak, elkarteek horretarako gogoa erakutsi dute.
Kultur Errotaren 8. edizio honetan, zirkuituaren 1.000. emanaldia eskainiko da. 1998ko azaroan Elgoibarren hasiera eman zitzaionetik, bide oparoa egin du Kultur Errotak eta, abenduaren 17an, Elorrion, Bikoteatro taldeak eskainiko duen Euskara sencilloaren manifestoa emanaldia izango da lehen milakoa borobilduko duena.
Azkenik, asko eta askotarikoak dira Kultur Errotan parte hartzen duten kulturgileak. Eskertzekoa da batzuk zirkuitu honetan jarduteko egiten dituzten formatu aldetiko egokitzapenak. Norbait nabarmentzekotan, hasierako edizioetatik eskaintzaren parte izan diren ondokoak: Arima Beltza, Amaia Zubiria, Jabier Muguruza era Petti musikariak, Ander Lipus antzerkilaria, Pello Añorga eta Koldo Amestoy kontu kontalariak, Pirritx eta Porrotx pailazoak eta Urbeltz Dantza Ganbara konpainia.