Lekeitioko Nazioarteko 19. Kale Antzerki Jaialdia
ETXEKO MARMITA VERSUS SUKALDARITZA INTERNAZIONALA Sukalde, portu eta honezkero lagunak diren Goitiko jatetxekoen arrain-zopa usainen artean, txiri-txiri mamitu da 19. nazioarteko kale antzerki jaialdiaren menua. Txakoli gozoaren laguntzaz, aurtengo dastamen-proposamena bertoko eta kanpoko zapore aniztasunean oinarritu da, mokozurien nahiak asetzeko asmoz. Menuaren dastaketak Zuberoatik heldutako ohiturazko zaporea ekarri zigun Amaren alabak taldeari esker. Alpargatak izan ezik, guztiz beltzez jantzita atera ziren sei neska hauek zuberotar kantu tradizionalei bidea emateko prest oso eszeneratze soil eta neurrizkoan. Makilak eskuan atrezzo bezala, burura ekarri ziguten pastorala, eta banan banan ekin zioten kantuari banaka, duetoan, eta ederto lotutako koraletan euskal otxoteari keinua eginez; bukatu zuten esamesaka eta txaskarrilotan zebiltzaten arropa ikuzle eszena folklorikoarekin. Zuberoatik atera gabe, Mikel Etxekopar eta Pierre Vissier bikoteak DUO eskaini ziguten: soinu-tresna klasikoa eta pailazoaren loturan zetzan adin guztietako ikuskizun hau. Menuaren zizka-mizkek umore-zaporea ekarri ziguten ahora. Bängditos alemaniarrek eta bere suhiltzaileen kamioiak DIE SCHUTZENGEL protagonizatu zuten: talkak, leherketak eta suen ondoren, plazan bildu ginen guztiak urez blaitu gintuzten, azkenik plaza bitsaz uholdetuz txikienen plazerako eta haien gurasoen kezkarako. EFS kataluniarren postura hileta-segizio parodikoa izan zen HUMORTAL lanarekin. Lau clown klasiko -goibel bat eta hiru pailazo- haien hilkutxa paseatu zuten herritik zehar hondartzaraino, herri osoa atzetik zeramatelarik; hantxe, txisterak, jakak eta prakak kendu eta irlara gurutzatzen hasi ziren. “nora zoazte?” galdetu zien bainu-hartzaile batek; “irlara”, haiek; “kontuz gero, bidea apurtuta dago eta”. Ez dago arraroa den ezer Lekeition. Esan diezaiotela bestela Iñaki Matari, nor portuan zehar ibili zen bere gurpildun aulkiarekin BARRERAS izenburuko performance aurkeztuz: trafikoa zuzendu, agurka ibili, bazter guztiak nahastu… hamaika eta bat egin zituen bere ibilbidean. Ganso eta Trapu zaharra taldeek ordea, modu estatikoagoak eskaini zizkiguten. Lehenengoak bereganatu gintuen bere RENATOrekin, erakutsi ziguna bere ikasketak teledendan erositako zirko kit bat zela medio; bigarren taldeak EL CONCURSAZO aurkeztu zuen: telebistako konkurtso formulaz, familia batek hainbat proba gainditu behar zuen saria lortu ahal izateko, funtzionari lanpostua hain zuzen ere. Baina duda barik txalo gehiago lortu zuena Frantziatik heldutako Ulik eta bere MECANOMIQUE izan ziren. Jainkoak daki nondik ateratako tramankuluez liluratu gintuen efektuaren maisu honek hasiera hasieratik erne izan zuen publikoaren onurako; hala ere, batzuen disgusturako, ez zuen hegan egin. Pil-pilean zebilen sukalde honen lehenengo platerrak benetan urrunetik heldu zitzaizkigula! Quebecetik Les sages vous taldeak kalejiran eraman gintuen plazatik eta portuan zehar bere itsasontzitxoaren erritmoan, eta tipi-tapa, tipi-tapa gustoko lekura heldu zirenean, marinel trebe bi hauek urpekari bihurtu ziren itsas azpiko zirrikituak erakusteko asmoz. Inbidiatzeko umiltasunaz jantzita, antzezleek haien protagonismoa elkar banatu zuten itsasotik ateratako izakiekin, hots, oso modu trebean erabili zituzten txotxongiloekin: arrainak, ostra, itsas-zaldia, olagarroa, uhandrea… guztiak elkar lotuta itsas azpiko dantza paketsu eta lasaian bere THE BIZZARIUM: AQUARIUM ikuskizunean. Mr. Pejo’s Wandering Dolls erusiarrek ordea, MUTABOR aurkeztu zuten: zirko nostalgiko batetik pertsonaia tristeak baina dibertigariak ateratzen ziren eszeneratze dekadente baina gozoaz, propio ekialdekoa. Ederra haien bukaera; Ederra eta basapiztia klasikoan oinarriturik, indar basatiak amore ematen du ahultasunaren aurrean, azkenik amodioa eta samurtasuna garaile izan zirelarik. Menuaren hurrengo platerrak sendoenak izan ziren; hirurek komunean zituzten ezaugarri bi: gai errepikariak, baina eszeneratze forma konplexuak. Bizkaitar Markeliñe taldeak bere bikote-TERAPIA partikularra egin zuten haien espezialisten eskuetan jarri zen monotoniaz aspertutako bikote baten bitartez. Amodioa, sexua edota erakargarritasuna bezalako gai serioak ikutu paradikoaz tratatu ziren; eszeneratzeak zirrara egin zigun han geundenoi: jasogailu batek altuera ezberdinetan aritzea ahalbidetzen zuen, eta kutxa erraldoi batzuek haien zapalunea eta ganbila eskaintzen zioten hain gorabeheratsua eta zirrikituz betea den gaiari, hots, bikotea. Garrantzi berezia zuten eszenan agertu ziren elementuen ikonozidadeak, zeren eta lortu baitzuten printzipioz bulgarrak izan daitezkeen kontuak (zistortasuna, joezina, antisorgailua, zutitzea…) modu dibertigarri eta dotorean plazaratzea, umore gordinean erori gabe. Sekulako ikuskizuna, eta sekulako antzezleak lan bikain honek aurkeztu zituenak. Gaztela-Lehoiko Cal y canto taldearen proposamena umorearen eta seriotasunaren loturan oinarritu zen, tragikomedia klasikotik gertu. Hauen gai errepikaria hirugarren mundutik lehenengora heldutako etorkinen pasadizoetan zetzan: Marokkotik, Espainiara. Marokkiar zindotasunak aurrez aurre jotzen zuen bertako mafiaren neurrigabekeriarekin, eta baita Espainia arlote eta mozoloaren goardia zibil bikote koplazale lerdoarekin ere. Ezulertzea, beharramiseria eta kultura ezberdinen arteko tanka eszeneratu ziren protagonistaren egoera bezain modu arinean, mugikorrean eta ezegonkorrean. Ikuskizunak zati bikainak aurkeztu zituen, esaterako Marokkoko ezkontzaren plastizidadea; oihartzun homerikoak Espainiarako bidaian, non ekaitzaren kontrako gatazka bizi zuen protagonistak, eta are arriskutsuagoa izan zitekeena: norberaren bakardadeak munstro fisikoen formaz, burura ekarri zion beldurraren zulo amaigabea, bidaiaren baliogarritasuna zalantzan jarriz; nostalgiaz eta minez jantzitako protagonistaren kantu malenkoniatsua; bikote benemeritoaren umore kolpeak, edota bere senatik kanpo zegoen funtzionari histerikoaren gabezia eta ezintasuna. Formari dagokionez, eszena mugikorrak, atril gurpildunak eta eszenatoki estatikoa erabili zituzten, hori zela eta, publikoa behin eta berriz mugitu behar zen antzezleekin batera aldiro-aldiro atentzio-gunearen atzetik. Antzezpen garbia izan zen, eta, nahiz eta oso gazteak izan, oso antzezle onek eta gogoz beteek burutu zuten ÉXODOS lana. Hirugarren platerra aukeran Portugaletik heldu zitzaigun Teatro do mar taldearekin. Hauek aurkezpen serioa eta artatsua ekarri zuten, umoreari lekurik utzi gabe NUSQUAM ikuskizunarekin, hitz hauek sinatzen dituenaren ustez, aurtengo emanaldiaren lanik onena. Gaia, aurreko talde biena bezain errepikaria izan zen: norberaren banakako deusestapena XXI. mendeko gizarteak inposatutako eskastasun orokorra dela medio, nahiz eta ezin dugun ahaztu badela guztiek onartzen duguna. Gaiak, formak eta eszeneratzeak osotasun borobila lortzen zuten, non guztiak zeukan bere egotearen zergatia eman nahi zuten mezuaren menpe. Lau gizaki prototipikoak (nerabea, yuppie-a, etorkina eta andrazkoa) plazaratzen dira banakako lau burbuilatan: bakoitzak besteengandik banatzen du bere burua, ez dira gurekin nahasten; irazgaiztasun horrek indartsu eta harrapaezinak direla sentiarazten die. Badakite ahulak direla, baina ez dute aitortu nahi. Haien burbuila babesletik at, bakoitza jaun ta jabe da norberaren banakako dorre isolatuan… baine hantxe, bakoitza bere osoan, aukeratu dutenaren gatibu eta kaltetu bilakatuko da: nerabea gainditzen du motxilan garraiatzen duen eskola materialak, eta telebistak eta bideojokoak irensten dute shock urduritsu batean; Andrea bere ilezko berokien, gaztetzeko kremen eta moda-aldizkarien biktima izango da; yuppie-a indartsu bilakatzen da bere bulegoko larruzko besaulkian eta bere telefono ahalguztidunari esker; azkenik, etorkinak preso ikusten du bere burua ostatu eskas batean eta bere herritik ekarritako gauza bakarrari besarkatuta: pardel zikin eta ziztrinari. Deusestapen boluntario honen ondoren, lau dorreek eszenatoki bakarra osatu zuten, eta espazio berri honetan lau pertsonaiek modu eroan eta inolako kontrol barik dantza egiten dute haiek maneiatzen ez dituzten hari batzuetatik zintzilika; haien egoeraz jabetuta, askatasuna lortzeko egiten dute borroka… baina beranduegi da. Haien baliogabeko borrokarekin batera, musika metaliko eta zizkotatsu batek hondoratzen ditu hamaika irudi beldurgarri edota publizitario -gauza bera ote?- proiektatzen diren bitartean; baina borrokak badirau, eta pertsonaiek lortzen dute haien markaz biluztea gauzarik beldurgarrienarekin jabetzeko: haiek definitzen zituzten artifizioaz eta markaz askatuta, ez dira ezer, ez dute ezer, gizaki zuriak dira, aurpegibakoak, izaera gabekoak: badira –ala bagara?- itxurakeriaren merkatariek luzatzen diguten tranparen txotxongilo inozoak. Abangoardia lan honetan lotura argia dago interpretazio-hizkuntza eta bestelako komunikatze moduen artean, esaterako, dantza, musika, zinematografía ala plastizidadea; guztia aurkezten zaigu ispilu bat bailitz, eta bertan ikus dezakegu XXI. mendearen gizarte kontsumitzailearen eskasia. Eta azkenburukoa heldu zen, etxeko espezialitatea: suzko kalejira. Aurtengoa frantziar Hanna Bi taldeak egin zuen ZOO. LA LEGENDE DU ROI SINGE ikuskizunarekin. Zarata, sua eta efektuak zuzenean jotzen zuten rock-opera erritmoaz, loepardoaren azala zuen dragoi erraldoi eta ibiltari batean. Geisha kantaria, estetika japoniarreko hankapaluak, tximuak eta motorista batek kalejiran eraman gintuzten portutik zehar Talaraino, non borroka epikoa burutu zuten. Menu iradokigarria aurtengoa, mahai apainduan zerbitzatuta, eta adin eta gustu guztikoentzat. Jan eta dastatu eta gero, digestioa egingo dugu urtebete barru arte, aukera berezia ordukoa jaialdiaren 20. emanaldia izango baita… Zer izango dugu bazkaltzeko?