Martzelino Soroa omenduko dute Debako XVI Antzerki Astean
Hamaika antzerki konpainiek parte hartuko dute datorren maiatzaren 24tik ekainaren 2ra Antzerki Asteko azken edizioan, Kultur Elkartean, Foruen Plaza, Zubeltzun, Goaz Aretoa, Andutz Biltokia eta Gaztetxea izanik ekitaldien kokaleku. Aurtengo berezitasunik nabarmenena, Martzelino Soroa, euskal antzerkigintzako autore garrantzitsuenetako bati eskeiniko dioten omenaldia dugu, ondorioz aurreneko egunean Soroa, teatro berriaren sortzailearen izenburupean Patri Urikzuk, historialari eta ikertzaileak, hitzaldia eskeiniko du. Bestalde, Goaz taldekoek Gabon eta Anton kaiku dramaturgo honen antzezlan ezanguratsuenetako bi ere antzeztuko dituzte hilaren 25ean. Talde amateur zein profesionalek parte hartuko dute oraingoan ere adin ezberdinetako ikuskizunak eskainiz. Hain zuzen, Gaitzerdi talde profesionalak Girobiran musikatutako kaleko antzezlan koreografikoarekin zabalduko du hamaseigarren edizio hau. Dar Darrekoak ere bertan izango dira Euskal Herriko anitz eszenatokitan antzeztua izan den Alizia bitxikerien lurraldean lanarekin.
Amateurren atalean, besteak beste, Goizeko izarra mutrikuarrek Julietaren… maitasun kantu eta komenientzia sozialak azaltzen diren lana eskeiniko dute. Zenbat Gara Elkartekoen Morgan pirata gaiztoa lapurretan hiru eta hamar bitarteko umeei zuzendutako musika eta abestiz hornitutako saio ikusgarria egongo litzake, bestalde, Azkoitiako Eskolak Antzerki laburrak izeneko muntaia aurkeztuko du.
Lurrun argia izenburupean, XIX. mendean Londreseko etxe batean gertatutako hilketan oinarritutako istorioa aukeratu dute Ttapa taldekoek, Martuteneko Rita Aldai Zuzenekoek aldiz Arrabalera kabaret antzerki muntaia. Durangotik Karrika Antzerki taldearen Prostibuloa , prostituzioaren inguruko lan ausarta ikusteko aukera egongo da eta azkenik, Azpeitiako Lakrikunekoek Garalderen Requiema komeria dibertigarria dakarte.