Mikel Laboak ikuskizun berria plazaratuko du Nafarroa Oinezen
Urdiain, Altsasu, Olazti eta Ziordi herriek osatzen duten Iñigo Aritza Ikastolak aurten antolatuko duen Nafarroa Oinez 2005 edizio honetan eta urtean zehar prestaturiko ekintzen artean, kontzertu berezia antolatu du Iruñeko Baluarte Auditorioan irailaren 24rako. Mikel Laboa kantari ezagunak bere disko berriaren lehenengo aurkezpen kantaldia eskainiko du eta berarekin batera Bernardo Atxaga idazle ospetsua eta Ruper Ordorika eta Xabier Montoia musikariak ere eszenatokian lagun izanen ditu, berezia eta bakarra izanen den emanaldi honetan. Mikel Laboa , urte batzuk pasa ondoren zuzenean jo gabe, eszenatokietara bueltatuko da Oinez-endako antolaturiko kontzertu honetan.Bere azkeneko diskaren aurkezpena izango dugu hau, hurrenak Kursaal (urrian) eta Euskalduna (azaroan) auditoriunetan emango dira.
Bere diskako 10 musikariak bertan izango dira, haien artean Iñaki Salvador pianojole ezaguna, Ruper Ordorika, Oñatiko musikari eta kantari ezaguna «Hiru Truku» taldeko partaidea ere badena eta Xabier Montoia, euskal musikari abangoardista. Bernardo Atxagak, gure idazle ezagunenak, testuen bidez gidatuko du emanaldia.