‘Monzon pastorala’ antzeztuko dute Larrainen eta Bergaran
Telesforo Monzon, idazle, politikari eta buruzagi abertzaleari buruz egindako Monzon Pastorala estreinatuko da Zuberoako Larraine herrian abuztuaren 7an eta 13an (15.30etan). Ondoren, ikuskizunaren protagonistaren jaioterrian ikusteko aukera izango da, Bergaran alegia, irailaren 17an (17.00etan, Seminarioko patioan). Eszenatokian 93 aktore, 16 dantzari eta 10 musikagile arituko dira elkarlanean Jean Bordaxarrek idatzitako pastorala hau eszenaratzeko.
Monzon Pastoralak gogora ekarriko du hogeita hamar urte igaro direla Monzon hil zenetik eta hogei urte joan direla Larrainen egindako azken pastorala antzeztu zenetik. Jean Bordaxarren esanetan, obra hau omenaldi gisa egin du Bergarako Olaso dorretxean 1904ko abenduaren 1ean jaio zen kultura gizona, antzerki sortzaile, kantu egile eta politikaria izan zen Monzon gogorarazteko. Gainera, «eskoletan ikasten ez den historia kontatzeko» asmoa duela era aipatzen du Bordaxarrek.
Agerraldian Monzonek bizitakoak kontatuko ditu, besteak beste, gerla, mitinak, gose greba, antzerki, kantari edo politikagintza, denak bere bizitzan gertaturikoak kontexto berezietan. Pasate horiek, hala ere, laburtuta azaltzen ditu Bordaxarrek sortutako ikuskizunean.
Pastolara ikuskizunak teatro edo antzerti berezi baten izena da, bertan abeslariak, dantzariak eta antzezleak tartekatzen direla. Bordaxarren esanetan, pastoralak dituen ezaugarriak aldatu egin da pixka bat azken urteotan «lehen luzeago» baitzen eta «orain istoriak laburago dira». Hala ere mantentzen da «urtero Zuberoako herri batek ematen duela pastorala».
Agerraldiaz gain «Telesforo Monzon (1904-1981): bergararra, politikaria, kultura-gizona» erakusketa izango da ikusgai Bergarako Udaleko pleno aretoan, Irailaren 15etik urriaren 2ra. Bertan, Telesforo Monzon eta bere ibilbide politikoarekin eta produkzio literarioarekin zerikusia duten idatzizko argibideak, jatorrizko ikonografia eta dokumentazioaren erreprodukzioak eta hainbat objektu original ikusteko aukera izango da.