Festivales

Musika, dantza eta merkataritza alternatiboa Bilbao Tropikala Jaialdian

Bilbao Tropikala jaialdiaren VIII. edizioak uztailaren 10a eta 13a bitartean munduko musiken hainbat kontzertu hartuko ditu barnean, eta aurten berrikuntza izango da aldi bereko jardueren programa. Ekitaldiok Erriberako merkatuaren bigarren solairuan –orain gutxi kultur esparru gisa prestatu dena– egingo dira, uztailaren 3a eta 9a bitartean. Bilboko Udaleko Kultura eta Turismo Sailak antolatutako programa horrek barnean hartzen ditu musika emanaldiak, dantza, haurrentzako tailerrak eta hainbat herritatik datozen produktuak saltzeko postuak. Kubako musika eta Brasileko erritmoak izango dira nagusi Erriberan egingo diren kontzertuetan. Programazioa honakoa izango da:

– Uztailak 3, osteguna: Lázaro y la Bodeguita del Son, euskal-kubatar orkestra.
– Uztailak 4, ostirala: Garotos du Brasil, Gasteizen bizi den brasildar taldea. Talde horrek Argentina eta Kubako gonbidatu batzuekin batera emango du kontzertua.
– Uztailak 5, larunbata: Afrobossa, Brasileko herri-musikako taldea.
– Uztailak 7, igandea: Fuerza Latina, Kubako orkestra.
– Uztailak 8, asteartea: Txatunga Bembe, Brasileko erritmoak jo
tzen dituzten 14 perkusio-jolek osatutako taldea. – Uztailak 9, asteazkena: Balahabana, Gasteiztik datorren kubatar orkestra.

Dantzari dagokionez, uztailaren 3, 4 eta 5ean dantza latinoen irakasle batek tailerra emango du, 19:30etatik 20:30etara. Halaber, larunbatean, uztailaren 5ean, eguerdiko ordu batetik aurrera Roda de Capoeira taldeak izen hori bera duen Brasileko dantzaren erakustaldia eskainiko du. Dantza horren jatorria Brasileko lursail landatuetan afrikarrak esklabo zeudeneko garaietan dago.
Betiere Erriberako Merkatua eszenatoki dugula, haurrentzako hainbat eskulan-tailer antolatu da. Tailer horietako jardueren ardatza izango dira Bilbao Tropikala Jaialdian agertuko diren herriak. Tailerrak zabalik egongo dira larunbatean, uztailaren 5ean, 12:00etatik 14:00etara, eta uztailaren 7, 8 eta 9an, 18:30etatik 20:30etara.
Beste alderdi nabarmen bat produktu alternatiboen salmenta izango da. Hainbat GKE eta Bidezko Merkataritzaren aldeko elkartek (Lagun Artean, Erein, Pueblos Hermanos, Mercadeko edo Ekidenda) euren postuak zabalduko dituzte. Bertan, herri tropikaletako produktuak erosi ahalko dira, bai eta Alemaniako garagardotegi bat, Kubako taberna bat edo World Music delakoan espezializatutako saltoki bat bisitatu. Hori guztia jendearentzat zabalik egongo da ostegunetik, uztailaren 3tik, asteazkenera, hil honen 9ra arte, 18:30etatik aurrera. Larunbatean, salmenta-postuak 12etatik 14:30etara egongo dira irekita, eta igandean, hilak 6, itxita egongo dira.
Bestalde, Mikel Alonso argazkilariak munduko merkatuei buruz prestatu duen erakusketa uztailaren 15era arte egongo da ikusgai Erriberako Merkatuaren bigarren solairuan, eta horrela Bilbao Tropikala Jaialdiko gainerako jardueretan integratuko da.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba