Pako Aristiren ‘Josu Dukatiren proposamena’k Toribio Altzaga saria irabazi du
‘Josu Dukatiren proposamena’ testuari esker, Pako Aristi antzerkigileak irabazi du BBK Fundazioak eta Euskaltzaindiak antolatzen duen ‘Toribio Altzaga’ Antzerki Saria, atzo ezagutzera eman zutenez. Antzezlanak, GARAk gaurko alean argitaratu duenez, ETAko buruzagi baten atxiloketaz hitz egiten du. Etakidea galdeketa gelan dago eta ertzainburuaren galderei erantzun behar die nahitaez. Bi gizon kokatzen dira aurrez aurre, institutu garaian ikaskideak zirenak, eta lagunak. Gainera, biak neska berberaz maiteminduta zeuden. Institutua amaitutakoan beraien bideak banandu ziren, baina biek hartu zituzten armak, batak legearen alde, besteak legearen kontra. Ekintza nagusia Ertzaintzaren kuartel batean gertatzen da eta «euskal gizartearen atzera begirako ona» egiten duela adierazi du Peio Telleria Euskaltzaindiko kideak. Atal honetan, guztira, zazpi lan izan dira aurkeztuak eta epaimahaikideak honakoak izan dira: Eugenio Arozena, Daniel Landart eta Patri Urkizu.