Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek ‘Lingua Nabajorum’ komedia estreinatuko dute
Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreek osatzen duten Ez Dok Hiru Bikoteatro taldeak Lingua Nabajorum (Euskararen historia txoroa) ikuskizun berria estreinatuko du datorren asteazkenean, ekainak 13, Bilboko Kafe Antzokian , 20:00etan. Komedia honetan ere euskara da leit motiva, aurreko lanetan bezalatsu -Euskarazetamol (2009), Larru Haizetara (2005) eta Euskara Sencilloaren Manifiestoa (2002). Antzezlan horiek milaka lagunek ikusi dituzte eta Euskal Herriko antzoki gehienetan eskaini dira, euskarazko antzerkiaren arrakastaren erakusle. Hizkuntzarekin dibertitzea da asmoa, akademizismoak eta interpretazio transzendentalak alde batera utzita, oztopoen gainetik egunero erabiltzen saiatzen direnen identifikazioa lortzea.
Patxo Telleriak idatzi du Lingua Nabajorum, bi aktoreen arteko elkarrizketa absurdoa, azkarra eta ironiaz betea. Bi pertsonaiek euskararen historiaz eta jatorriaz egiten duten interpretazioak ikus-entzuleen barreak eragingo dituzte, ezinbestean. «Historian zehar euskaldunak beti ibili dira borrokan, bai kanpokoekin eta baita euren artean ere. Gure teoriaren arabera, borroka horien ondorioz sortu eta garatu da euskara. Borrokaldi bakoitzaren ondoren aldaketaren bat izan da hizkuntzan. Beraz, ziurta dezakegu euskara beti egongo dela garatzen, kontuan hartuta euskaldunok, era batera edo bestera, elkarren aurka borrokatzen jarraituko dugula». Teoria absurdo horretatik abiatuta, aktoreek puntako une historikoen erakustaldi eroa egingo dute.
Jokin Oregiren zuzendaritzapean, Telleriak eta Martinezek ordubete eta hogei minutuz eszenaratuko dute aipatutako teoria, hainbat pertsonaien larruan sartuz, haitzuloetako bizilagunetatik hasi eta egungo euskaldunetara iritsiz.
EZ DOK HIRU taldea TARTEAN antzerki konpainiako partaide da. Konpainiak Euskarazko Antzerkigile Onenaren Max saria eskuratu berri du Larria , Kutsakorra , Mendebaldekoa ( LKM ) lanarekin, Patxo Telleriak eta Jokin Oregik idatzia, azken horrek berak zuzendua eta Mikel Martinezek taularatua. Era berean, Tarteanen Marie de Jongh haurrentzako antzerki taldeak, Jokin Oregik zuzentzen duenak, Antzerki Ikuskizun Onenaren saria eskuratu du aurten FETEN nazioarteko jaialdi ospetsuan, Alabatxoa lanarekin.
Mikel Martinez (Lizarra, Nafarroa, 1955) eta Patxo Telleria (Bilbo, 1960) euskal antzerkiko bi historiko dira. Elkarrekin ikusi ditugu hainbat lanetan, besteak beste, Marxkarada, Monstruo Sakratuak, Kaio Luma Zikina, Kontenedore baten Istorioak edota Lezio bat ostrukari buruz, eta noski, baita EZ DOK HIRUrekin antzeztu dituztenetan ere. Biak aritu ziren Maskarada taldean, eta telebistan eta zineman ere egin dute lan. Patxo Telleriak, gainera, bi film luze idatzi eta zuzendu ditu Aitor Mazorekin batera: La máquina de pintar nubes (2009) eta Bypass (2012), estreinatzeke dagoena.