El Chivato

Sestaon elkartuko dira euskal titiriteroak aurtengo Txotxongilo Egunean

Euskal Herriko Unima elkartean bildutako konpainiak Txotxongilo Egunaren zortzigarren ekitaldia ospatuko dute irailaren 10etik 12ra bitartea Sestaon, hiru egunetako egitarauan teknika desberdinekin sortutako hainbat ikuskizunekin, baita ere panpinak egiteko tailerrak Rafa Vila eta Maribel Tenaren zuzendaritzapean eta Sortzen Taldeko kideen makilaje tailerra izango dira. Iragarritako jarduerak Musika Eskolan, San Pedro eta Balmasedako Kondea plazetan eta O’Ryan pubean gauzatuko dira. Aurtengo ekitaldiak ohorezko aurreskuarekin abiatuko dira irailaren 10eko arratsaldean eta jarraian La milonga de Babalán eta Mushika ikuskizunak eskainiko dituzte, hurrenez hurren, El Tenderete eta Irrintzi konpainiak. Lehenak, berritsu bik berritutako armairu zahar batetik kontatzen dituzten elezaharrak, satirak eta egoera barregarriek ditu oinarri miniaturazko unibertsoa sortzeko. Mushika obran berriz, ikuslegoa musikaz gozatzera gonbidatzen du titiritero batek eta berak egiten dituen pantomimen bitartez kontzertu erraldoi bateko entzulea bilakatuko da publikoa, titiriteroaren maletatik argiak eta oihalak dituen eszenarioa agertzen doala.

Sei ikuskizun iragartzen dira Txotxongilo Egunaren bigarren egunerako, agerraldiak Pro-Ismo Cerok familia osoarentzat sortutako Quizás el bosque lanarekin hasiko direla. Pieza honetako protagonista basoko piztiak jasotako neskato bat da, zeini bere benetako izaera gizatiarra ezkutatuko dioten. Carolino, printzesa eta dragoiaren burua eszenaratuko du jarraian Títeres Bihar konpainiak, agerraldian txotxongilo ikuskizunetako heroiaren eredua den Carolinok aurre egin beharko dio herensugeari printzesa askatzeko. Goizeko saioak Corrado Masacciren Paracallesekin amaituko dira, ekitaldian gorila patinatzailea, pailazo txikia edo kolore anitzetako apoen trebeziak ikusgai izango direla.

Euskal mitologian oinarritutako ipuinarekin hasiko dira arratsaldeko saioak, hori baita Txotxongilo taldearen Itsasminez antzezlanaren ardatza. Bertara gerturatzen direnak hainbat abenturatan murgiltzeko aukera izango dute itsasoko pertsonaiekin batera. Hala ere, ekitaldian dena ez da zoriontasuna izango, tristura, iruzurra eta bromak ere tartekatuko baitira.

Eguneko egitaraua Antzezkizuna eta eta Erre ke Erre konpainien agerraldiekin osatuko da. Telebista edonor erotzeko modukoa izan arren Toni La Sal pertsonai ospetsuak ardura gabe jokatzen du Teleipuina lanean eta etxean telebista igorle berrien seinalea jarri behar duenean jabetuko da lan hau berak uste duena baino askoz ere korapilatsuagoa dela.

Panpin musikariak

Berrikuste historiko eta musikalarekin dator eguneko saioak agurtuko dituen Erre ke Erre konpainia. Primitibo-Txalaparta lanak antzinako musika tresna hau hartzen du ardatz eta helburu eta hari eta makilatxoz maneiatzen diren bi panpinak txalapartaren toke desberdinak erakusten dituzte.

Corrado Masacciren agerraldi berri batez gain beste lau ikuskizun iragartzen dira irailaren 12rako. Eguerdian Azikaren Zazpi egun eta Mi cabeza que hablaren Pupitas xagua antzeztuko dira. Baionako konpainiak Hans Christian Andersen omentzen du idazle danimarkarrak sortutako zenbait pertsonaiaren eszenaratzearekin, tarteko kontalari zirtolari bat, bufoia, lore musikaria edo berunezko soldadua.

Pupitas xagua berriz, bere ausardia erakutsi beharko du hainbat froga gaindituz, horien azken helburua bere laguntxoaren etxera heltzea dela. Bidean, bera baino handiagoak eta ausartagoak diren hainbat animalien laguntza izango badu ere, atzera egingo dute guztien, arrazoi bat edo beste aitzaki hartuta.

Arratsaldean antzeztuko diren Momento Ridiccoli eta Beti lagun piezekin amaituko da aurtengo jaialdia. En la lona konpainiak eskainiko du lehena eta bertan zirkoko bi langileren gorabeherak jartzen dira agerian hauen betebeharra zirkoa atondu, animaliak garbitu edo publikoa bere esertokietara eramatea bada ere, gaur egun berezia izango da zirkoko artistak ez baitira azaltzen…

Rosa Martínezen Beti lagun lanak, azkenik, adiskidetasuna jorratzen du, ekitaldiko protagonista galduta dabilen olagarroa da eta berarekin batera ikusleak itsaso aldera bidaia egiteko aukera izango dute lehenik eta mendi aldera ondoren hartza eta azeriarekin.

 


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba