‘Sissi pieds jaunes’ Izpurako Faustin Bentaberri aretoan ikusgai
Erregeek oparia ekarriko dute Baxe Nafarroako Herri Antzokira, Théâtre des Chimères antzerki taldearen sorkuntza berria, Sissi pieds jaunes antzezlana Izpurako Faustin Bentaberri gelan jarriko baita ikusgai urtarrilaren 8an, aratseko 9etan hasita.
Haurrendako eta haien gurasoendako pentsatutako ikusgarri hau, goxoa eta irringarria da adin guzientzat. Egiazko momentu irringarri bat, bai haurrentzat, bai helduentzat, bakotxak ber edo gauza desberdinetaz irri eginen baitu. Lionel izeneko pertsonaiak M eta Q hizkiak nahasten ditu… eta nahasketa honi esker hizkuntza berri bat asmatu du Pacanaima izenekoa. Lionel eta Sissiren arteko topaketaren inguruan josia da antzerki hau : haien desberdintasuna, haien artean sortuko den komunikazioa nahiz eta hizkuntza desberdina erabiltzen duten… Bata hitz asmatuekin, bestea esku eta keinuekin…
Ikusgarri honetan desberdintasuna, errespetua, tolerantzia gaiak aipatzen dira umorearen bitartez ez dadin ikusgarria astuna izan, baita ere gurasoek egiten dituzten hautuetaz haien haurren babesteko.
Hervé Estebeteguy-k idatzi eta zuzentzen duen ikuskizun honetan Charlotte Maingé (Sissi pieds jaunes –Sissi zango horiak-), Ludo Estébétéguy (Lionel), Catherine Mouriec (neska laguna) eta Muriel Machefer (Lionelen ama) aritzen dira aktore lanetan.