El Chivato

Sol y Tierra Títeres konpainiak ‘Printzesa eta Dragoia’ estreinatuko du

Sol y Tierra txotxongilo konpainia madrildarrak ‘Printzesa eta Dragoia’ haurrentzako ikuskizuna euskeraz plazaratuko du Berrizen, maiatzaren 12an arratsaldeko bost eta erdietan, Aizkoa Olabarrieta eta Álvaro paz Maudes antzezleek taularatuta. Konpainia madrildarra izanda ere, ez da lehenengo aldia Sol y Tierra Títeres taldeak beste hizkuntza batean lan egiten duena. Printzesa eta dragoia beraien lehenengotariko ikuskizuna, 1998an estreinatua, frantsesez antzezteko aukera izan zuten Le Bourg des artistes de St Eloy les Mines Jaialdian 2005ean, eta aurten euskaraz egitea dute jomuga. Víctor Torres taldeko kide eta obraren egileetako baten esanetan, “Sol y Tierrak zeharkako proiektu bat du, nolabait, Babeleko Dorrea baina zentzu positiboan. Mitoak dio pertsonak ez garela elkarren artean ulertzen hizkuntza ezberdinen ondorioz, baina gure ustez Europa ulermena bermatua dagoen Babel Dorrea da. Kulturak nahastea komeni ez den ideia inposatu izan digute eta nire ustez, norberaren tradizioak mantenduz esperientzia eta ezagupen berriei zabalik egon beharko ginateke”.
Orain hogeita lau urte bere ibilbidea hasi zuenetik, Sol y Tierrak umeei zuzendutako ikuskizunak burutu ditu beti ere, egungo errealitatearekiko konpromezu eta ardura erakutsiz, edukietan eta azaltzen den mezuan arreta handia jarriz. Aizkoa Olabarrieta eta Alvaro Paz Maudes, euskarazako bertsioa taularatzeaz arduratu diren antzezleak, Torres beraren hitzetan, konpainiaren filosofiarekin oso ondo konektatu dute hasiera hasieratik. Idoia Alzibar, itzultzailearekin ere gertu-gertuko lana egin dute, lengoaiak eskatzen dituen nabardurak eta ahoskera eta abarreko gaiekin kontu handia izaten saiatu baitira. Aktoreek askatasun handia izan dute antzezlanarekin lan egiterako orduan, Aizkoa Olabarrietak berak aipatu bezala, konfiantza oso izan dute Sol y Tierrako partaideengandik bai testu eta lanaren planteamenduarekiko ekarpenak egiteko. “Beraien bertsioan antzezleek protagonismo handia dute, gainera lana hain ondo ezagutzean inprobisazioara jotzeko joera dute etengabe, guk ordea, txotxongiloei ahalik eta espazio gehien eskaintzen saiatu gara, narratzaileak bigarren plano batean utziz”, gaineratu du Olabarrietak.

Irakurketa berri bat
Konpainia madrildarrarentzat Printzesa eta dragoiaren istorioak xarma berezia ezkutatzen du, ipuin apala izanda ere sentimendu unibertsal eta sakonak ezagutarazten baititu, edozein herrialdetara zoazela ere ikusentzuleekin konektatzeko erraztasuna eskainiz; obrako pertsonaiak oso arketipikoak dira eta ondorioz oso adierazgarriak. Halaber, Sol y Tierra ipuin klasikoetan nagusi diren indarkeri elementuak, ekiditzen saiatzen da, genero motako bereizketarik egin gabe, istorioari irakurketa berri bat emanez. Printzesa eta dragoiaren kasuan, Ausartzi printzesak rol aktiboa beteko du, bera izango baita Trikimailu dragoiarekin Bakerrin dituzten hika mikekin bukatuko duena. Onen eta txarren arteko dualitatetik aldentzen dira eta pertsonaiengan bestelako baloreak islatzen dituzte korapilo honetako protagonistek sentimendu on eta ez hain onak izan ditzaketela agerian utziz, eta beraz, arazoak konpontzeko bide egokiena modu baketsua dela adieraziz.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba