Tanttaka eta Kukairen ‘Hnuy Illa’k irabazi du Azpeitiko Topaketen Saria
Azpeitiko Antzerki Topaketen hogeitaseigarren edizioa burutu denean, euskal antzerkigintzaren jaialdiko antolatzaileek balorazioa helarazi digute. Bertan, Tanttaka eta Kukai taldeek sortutako ‘Hnuy Illa’ ikuskizunak publikoaren sariaren irabazle suertatu da. Azpeitiko Topaketei buruz antolatzaileek eginiko Balorazioa
Aurtengo edizio honetan jende ugari hurbildu da Izarraitz Pilotalekura, erantzun ona jaso dugu, beraz, eta hori benetan eskertzekoa da. Guztira, hamazazpi antzezlan taularatu dira, haur, heldu nahiz gazteei zuzenduak.
Eskola antzerkian ere aukera zabala izan da; izan ere, zazpi antzezlan izan ditugu ikusgai, Euskal Herriko hainbat ikastetxetako haurrek egindakoak. Beraien arteko desberdinatsunak nabariak izan dira, baina guztien lanak benetan txalotzekoak.
26. edizio honetan lan bat estreinatu da, Lanku bertso zerbitzutik haurrei zuzendutako “Galtzagorriei to, Inaxito!” antzezlana, hain zuzen, eta benetan zoriontzekoa izan da. Bestalde, aipagarriak dira Antzerki Amateurra deritzon atalean izan ditugun ikuskizunak, besteak beste, Landa-berri Antzerki Eskolako “Garraxi Ixila”, Azpeitiko Emakumeen Tailerreko “Habemos Zirkus”, Satorrak taldearen “Maite Dugulako”, eta gustukoak benetan talde profesionalek helduei zuzenduriko hainbat emanaldi, honela lan aipagarriak ikusi ahal izan ditugu:
Txaloren “Gronhol Metodoa” eta “Ate Joka”, Agerre Teatroaren “Putsuak Lehortzen”, Maskaradaren “Ohean”, Tanttakaren “Emakumeak Izerapean” eta hain arrakastatsua izan den Kukai Tanttakaren “Hnuy Illa”. Ia denak barre eragitekoak eta erraz ulertzekoak izan dira, eta ikusleen aldetik txalo ugari jaso dituzte. Igandeetan familia osoarentzako Antzerkia ikusi ahal izan dugu, eta arrakasta handia izan du. Era askotako antzezlanak izan ditugu, batzuetan hitzezko testua nagusi, besteetan dantza, efektu bereziak eta musika ugari, baina guztietan ikus-entzule asko, laurehun pertsona batez beste igandero.
Bestalde, aurten I. Azoka Eguna antolatu da Antzerki Topaketen barnean. Ekimen berri hau Eusko Jaurlaritza, Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak eta Azpeitiko Udalak bultzatu dute, eta hiru erakunde hauen laguntza eta babesarekin antolatu da. Antzerkia jendartean zabaltzeko helburuarekin programatzaileei, sortzaileei, eta antzerki taldeei elkarrekin egoteko, hitz eta gogoeta egiteko, eta egungo antzerki eskaintzak eta aukerak zertan diren jabetzeko plaza bat jarri nahi izan diegu. 2008ko azaroaren 14a profesionalentzat topagune eguna izendatu zen, eta 40 bat profesional elkartu ondoren jaso ziren emaitzak guztiz positiboak izan ziren.
Ahaztu gabe aipatu beharra dago aurtengoan ere antzerkia ikusteko frontoia egokitu behar izan dela. Ezenatokia, argiteria eta batik bat soinua ondo antolatuta egon dira, eta kalitatea zaindu da. Teknikoki maila egokia izan du antzerki ziklo osoak.
Ikusleen Saria, berriz, guztiz arrakastatsua izan da, eta ia ikusle guztiek parte hartu dute nolabait beren botua eman edo balorazioa eginez. Aurtengoan, Kukai Tanttaka taldeak eramango du 600,00 euroko diru-saria, “HNUY ILLA” lanarekin.
Bukatzeko, aipagarria benetan Pilar Aizpitarteri egin zaion omenaldia, beretzat izan da aurtengo TXALO SARIA. Pilarri zuzenduriko egun berezia ospatzeko, aktoreak berak parte hartu izan duen mota guztietako lanak gogoratu genituen.
Beraz, XXVI. edizio honetan kolore eta mota guztietako lanak izan ditugu, umorez beteak nahiz istorio serioak. Jendearen erantzuna berriro ere eskertzekoa. Horrela bada, datorren urteko udazkenera arte.