El Chivato

Topaguneak Film Laburren laugarren zirkuitoa jarri du martxan

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren Kultura Sailak Euskarazko Film Laburren Zirkuituaren laugarren edizioa aurkeztu du otsailaren 20an Donostiako KM Kulturunean. Zirkuituaren aurtengo eskaintza metraje laburreko sei filmeko 37 emanaldik osatzen dute. Filmetako bat, Ane Muñoz zuzendari hondarribitarraren Loturak izenekoa, hain zuzen ere, zirkuituan estreinatuko da. Topagunearen zein federatutako Euskara Elkarteen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea izaki, Federazioak antolatzen dituen ekimen guztiak xede horretara bideratuta daude. Film Laburren Zirkuituaren bidez, Topaguneak eta federatutako euskara elkarteek aukera ematen dute euskarazko film laburren produkzioa ezagutzeko, eta, herri askotako kultur eskaintza aberasten dute.
Aurreko edizioek arrakasta handia izan dute, eta horren erakusgarri argia dugu ekimenak izan duen hazkundea: iazko edizioak 20 emanaldi eskaini bazituen, aurtengoak 37 izango ditu. Emanaldi kopuruari dagokionez, beraz, ia bikoiztu egin da Zirkuituaren tamaina.
Egileei dagokienez ere, Film Laburren Zirkuitua paregabeko aukera da euskarazko produkzioa ezagutarazteko plaza berriak eskainiz, herri askotara zabalduz.
Kontuan izan behar da herri horietatik asko txikiak direla eta berez zinezalea ez den ikuslea erakartzeko egitasmo egokia dela. Aipatu beharra dago, azken urteotan bezala, Euskadiko Filmategitik jaso dugun laguntza, bai lanen aukeraketan eta baita egileekin kontaktatzeko orduan ere. Lekeitiko Euskal Zine eta Bideo Bileratik ere laguntza handia eman digute aurtengoan, zuzendari gazteekiko harremana erraztuz.
Filmei dagokienez, berriz, nabarmendu beharra dago aurtengo eskaintza pelikula berriek osatzen dutela, 2005 eta 2007 bitartekoak: Iñaki Beraetxeren Osaba Jaxinto; Ozkar Galanen Xoxoak Beleari Ipurbeltz; Asier Altunaren Sarean; Koldo Almandozen Midori eta John Anduezaren Bilintx. Gainera, estreinaldi bat ere izango da zirkuituan: Ane Muñozen Loturak lanarena, hain zuzen ere.
Egileek eta ikusleek elkar ezagutaraztea ere bada Zirkuituaren helburuetako bat. Horretarako, zenbait emanaldiren ostean, solasaldia egingo da zuzendarietako batekin, ikusleen galderei erantzun eta bere iritziak eta esperientziak kontatuz. Esan bezala, Euskarazko Film Laburren Zirkuituak 36 emanaldi eskainiko ditu, ordu eta laurden inguruko iraupena dutenak, otsailaren 22tik martxoaren 30era arte.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba