El Chivato

Txalo konpainiaren ‘Ipuinaren Bila’ izan da garaile Azpeitiko XXIX. Euskal Antzerki Topaketa arrakastatsuan

Bukatu berri diren Azpeitiko XXIX. Euskal Antzerki Topaketen antzolatzaileak, aurtengo edizioaren balorazio baiokorra egin dute. Antolatzaileak, ikuslego helduei eta gazteei zuzenduriko ikuskizunak, profesional, amateur edota antzerki alternatiboaren sailan, zein Eskola Antzerki Topaketetan erakutsitako piezen kalitatea goraipatu dute. Aurtengo Txalo Saria Iñaki Bergarari eman zaiola gogoratzeaz gain, Ikuslegoaren Saria, Txalo konpainiaren, ‘Ipuinaren bila’ lanak eskuratu duelaren berri ere ematen dute antolatzaileak.

Hona hemen Euskal Antzerki Topaketen antzolatzaileak bidalitako balorazioa:

Aurtengo edizio honetan jende ugari hurbildu da Soreasu Antzoki berrira, erantzun ona jaso dugu, beraz, eta hori benetan eskertzekoa da. Guztira, hamazortzi antzezlan taularatu dira, haur, heldu nahiz gazteei zuzenduak.

Eskola antzerkian ere aukera zabala izan da; izan ere, zazpi antzezlan izan ditugu ikusgai, Euskal Herriko hainbat ikastetxetako haurrek egindakoak. Beraien arteko desberdinatsunak nabariak izan dira, baina guztien lanak benetan txalotzekoak.

29. edizio honetan ahalegin handia egin nahi izan du Udalak beste urte batez Euskal Herrian izen, joera eta garrantzi handia hartu duen ekitaldia antolatu eta herritarrei nahiz kanpotarrei ahalik eta egitarau zabalena eskaintzeko.

Gainera, Azpeitiak antzerkirako duen tradizio honen emaitza bezala, EHAZEk, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, bere egoitza herrian finkatu du, Enparan Dorretxean, eta aurtengo edizio honetan, lehenbiziko aldiz, «Antzerkia norentzat idaztearen plazera» izenburuarekin mahai ingurua antolatu du Sanagustin Kulturgunean.

Hizlariak Daniel Landart, Xabier Lopez Askasibar, Alaitz Olaizola eta Jokin Uranga izan dira, moderatzailea, berriz, Oier Guillan. Mikrofonoa zela eta, arazo tekniko batzuk izan ziren hasieran, baina oro har, emaitza interesgarri eta positibotzat jo dute, eta datorren urtean jarraipena emateko gogoa azaldu dute.

Azaroaren 4an hasi eta 20ra bitartean era guztietako saioak ikusteko aukera izan dugu; besteak beste, talde profesionalak, amateurrak eta haurrei zuzendutako euskarazko obra onenak iritsi dira Azpeitira.

Eskaini diren lan guztien artean, bi estreinaldi nabarmendu behar ditugu; batetik, Antzerki Topaketei amaiera emateko, Kukubiltxok «Inorako bidaia» antzezlana aurkeztu du Soreasu Antzokian, eta bestetik, Txintxeta Ekoizpenak «Bodologoak» obra estreinatu du. Azken honen estreinaldiak izan duen arrakastak denak harritu ditu, antolatzaile, obraren zuzendari eta aktoreak, izugarria izan baita 550 ikuslek antzokia leporaino bete izana, eta beste 280 pertsona inguru sartu ezinda geratzea. Beraz, Antzerki Topaketatik kanpo berriro ere lehenbailehen programatu beharra izan dugu.

Bestalde, Antzerki alternatiboaren sailean, Erika eta Ane aktoreek Asvinenea arte ezenikoen laborategian saritua izan den «Eguzkilore» lana eskaini digute Gaztetxean. Jarraian, eta saio berean, Urki Muguruzak «Mounstroa» ikusteko aukera eman digu. Topaketen barruan eta ohiko eszenatokitik kanpo, formatu txikiko lanei eta lan bereziei tartea egin zaie, iaz bezalaxe kafetxo bat hartuz.

Gainera, aurtengo Antzerki amateurrak ere bere asteburua izan du Topaketen baitan. Azpeitian arrakasta handia izaten duen modalitatea da. Horrela, azaroaren 17tik 19ra arte punta-puntako talde ezagunak izan dira: horien artean aipagarrienak

1.- Karrika taldea «Hau ez da Kalkuta» obrarekin, eta nola ez,

2.- Azpeitiko emakumeen tailerra bere azken lananrekin, «Lost and Found»(Gauza Galduak)

Profesional mailan, berriz, jendetza handia izan da Soreasu auditorio berrian, eta ikusleek gozatu egin dute hainbat antzezlanekin. Sail honetan Txalo taldeak «Ipuinaren bila» izena duen obra aurkeztu digu, Dejaba Panpin Laborategiak, berriz, «Gure bide Galduak» bere azken obra interesgarria eskaini digu, eta aipagarria da Hika taldeak taularatu duen «Ilargiaren bi aldeak» lana, antzerkia eta zirkoa bat eginik. Azkenik, Vaiven produkzioak gaztetxoentzat eskainitako «Lotsagabe» lanarekin Soreasu Auditorioa bete-bete egin zen.

Eskola Antzerki Topaketak:

Hilaren 14tik 16ra, haur eta gaztetxoei zuzendutako emanaldiak izan dira goizeko 11.00etan eta arratsaldeko 15.30ean.

Ikusleak Azpeiti, Azkoiti eta, oro har, Urola bailaratik etorritako ikasleak izan dira.

Euskal Antzerkirik izango bada, «harrobia» ere landu eta zaindu beharra dagoela gogoratu eta kontuan hartzen dugu urtero antolatzaileok. EAEn batez beste 240 ikastetxetan landu da ikasturte honetan euskarazko antzerkia, eta ia 780 taldetxo aritu dira antzerkiaren lanketan. Azpeitiko topaketa hauek EAEko bazter guztietako ikasleen antzerki emankizunen eraskusleiho dira, batetik, eta bestetik, eskualdeko antzerki-ikusleen «harrobia»ren lanketarako gune bilakatu dira.

Era askotako antzezlanak izan ditugu, batzuetan hitzezko testua nagusi, besteetan dantza eta zirkoa, efektu bereziak eta musika ugari ere bai, baina guztietan ikus-entzule asko, hirurehun pertsona batez beste emanaldiro.

Ahaztu gabe aipatu beharra dago aurtengoan ere antzerkia ikusteko Soreasuko ezenatokia, argiteria eta batik bat soinua ondo antolatuta egon direla, eta kalitatea zaindu dela. Teknikoki maila egokia izan du antzerki ziklo osoak.

Txalo Saria

Bukatzeko, aipagarria benetan Iñaki Bergarari egin zaion omenaldia, beretzat izan baita aurtengo Txalo Saria. Iñakiri zuzenduriko egun berezia ospatzeko, antzerkiaren inguruan jorratu dituen alderdi guztiak aipatu dira eta antzerkiari eskainitako ibilbide oparoagatik txalo ugari jaso ditu.

Ekitaldia benetan hunkigarria, batik bat bere aktore lanen dokumentala aurkeztu denean, eta jarraian, Pilar Aizpitartek txalo saria eman dionean.

Bestalde, Uztarriakoek ekitaldi berean Iñaki Bergarari buruzko liburuxka biografikoa argitaratu eta aurkeztu dute.

Ekitaldi bikaina, jendetsua eta ohoretsua Sanagustin Kulturgunean egindakoa. Teknikoki oso ondo lotua.

Ikusleen Saria

Ikusleen Saria, berriz, guztiz arrakastatsua izan da, eta ia ikusle guztiek parte hartu dute nolabait beren botua eman edo balorazioa eginez. Aurtengoan, haurrei zuzenduriko ikuskizun interesgarria taularatu digu Txalo taldeak eta 600,00 euroko diru-saria eramango du «Ipuinaren Bila» lanarekin.

Antzerkia ikusi eta gozatzeko parada bikaina izan da. Eta guztia euskaraz; euskara hutsean aritzen diren taldeen eta lanen erakustoki eta sustatzaile izatea baita Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen helburu nagusia.

Beraz, XXIX. edizio honetan kolore eta mota guztietako lanak izan ditugu, umorez beteak nahiz istorio serioak. Jendearen erantzuna berriro ere eskertzekoa. Horrela bada, datorren urteko udazkenera arte.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba