Críticas de espectáculos

Txerrikeriak…txerrikeria galantak…em

Txerrikeriak… txerrikeria galantak… emakume txerria…

Marie Darrieussecq Baionako idazlearen obran oinarrituko antzezlana, Agerre Teatroaren eskutik

«gaur egun txerria naiz ia denbora gehienean…» horrelaxe hasten zaigu goxo eta xarmant TXERRIKERIAK obraren protagonista –txerri emakumea– harrera egiten, eta hor ekiten dio ideia txerriak proposatzen, adibidez, otso basati batekin maitemindu dela, hobe direla mitxelinak silfide baten gorputza baino!, eta… Eta norberak nor izan behar duela; baina konturatzen garenean txerrikeria horiek guztiek guri ere plazerra ematen digutela, nork bere buruari galdetzen diogu: baina nola ordea halako jarrerarik aurrera eraman? Posible ote da? Gure gizarte honetan ez da batere erreza modaren kontra joatea, zeure buruari segitzea, zeure senari kasu egitea, eta kontuz txerrikeria askorekin bazatoz, egoten ahal zara segur San Martinetako labankazoa laster iritsiko zaizula, bai horixe! Baina: gure protagonistak bide zail horretako mila arriskuri aurre eginda, oztopo guztiak behin eta berriz gaindituta, lortzen ez badu «basurde oso goapo eta suharrarekin» bizitzea?; baina, hau dena, zein preziotan?
Bai, «baina» asko daude…bai.

Espektakuluaren hasieran irribarrez agertzen zaigu, xalo. Eta nahiz eta bere zerbitzu sexualak eskeini perfumeri batean, bera ez da sentitzen ez zikina eta hain gutxi esplotatuta. Maite ditu bere lana eta bere bezeroak, zoragarriak dira berarentzat «usain egiten zidaten, miazkatu …» horrelaxe kontatzen digu. Baina besteek ez dute puta harroa ametitzen, gizaki guztiek burua makurtzen jakin behar dute eta bere tokia non dagoen asmatzen. Baina gure protagonista xaloa maitasunarekin, maitasunaren arlo guztiekin gozatu egiten du eta gozatze honek nazka ematen du: «¡hau lata, ze orain neu nengoen gogoarekin!» kexatzen zaigu. Egoera larri eta jasanezin horretan bere bizitzako maitasunik ederrenarekin egingo du topo, otso basatiarekin hain zuzen: «abentura batean bizi ginen, Bonnie and Clyde berriak ginen gu…» horrela kontatzen digu emozionatuta. Hau da marka!

Eta otso basatiarekin batera maitasuna eta ilargiaren zikloak biziko ditu, maitasunaren arriskuan, gizartearen kontra, komunikabideen kontra, telebistako zabor-programaren kontra… bere burua salbatu arte, zabor-programako aurkezlea hil arte, bere ama hil arte, bere maitasuna galdu arte, eta bera ere ia hil arte … Hori izan da, hain zuzen, prezioa, hori ordaindu behar izan du txerri emakume honek bere askatasuna lortzeko.

Baina «orain oso gustura nago nagoenean, bai txerria naiz ia denbora gehienean, egokiago datorkit basoan bizitzeko…»

Azkenengo hamabost minututan emakume edo txerri honek, egia esan azkenean emakumea baino txerria ikusten ari gara, bai txerri honek txundituta uzten gaitu, erabat «touchée» sekulako irrintzi basati batez gure memorian betirako finkatuta; eta guk horrela alde egiten dugu, erabat hunkituta.

Horrela despeditzen gaitu gure protagonista txerri honek, eta teatrotik alde egiten dugunean konturatzen gara gure istinto guztiak nolabait birtualegiak bihurtzen ari zaizkigula, eta nolabait markatuta sentitzen garela, eta markatuta egin behar dugula bidea eta direkzioa markatuta daukagula eta … hautsi ahal izango ote dugu gure marka? Hau marka!

Errotazahar


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba