Udagoieneko Osteraren bederatzigarren edizioa hastear da
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzaz, Udagoieneko Ostera kultur zirkuituaren bederatzigarren edizioa jarriko du martxan datorren larunbatean Sondikan. Zirkuitua zortzi emanaldik osatuko dute, eta haietako bakoitza Bizkaiko herri batean izango da. Udagoieneko Osteraren bederatzigarren edizio honek Bizkaiko zortzi herri bisitatuko ditu: Sondika, Muskiz, Bilbo, Durango, Balmaseda, Basauri, Bermeo eta Leioa. Oso herri ezberdinak dira tamainaren zein egoera soziolinguistikoaren ikuspegitik, baina ekimenak erakutsi nahi du guztietan ere egin daitekeela euskarazko kultur eskaintza erakargarria.
Azken finean, aisialdia euskaraz gozatzeko aukera eskaini nahi du Udagoieneko Osterak, eta hori lortzeko, derrigorra da kalitateko eskaintza erakargarria egitea. “Horrekin batera, eskaintzaren izaera askotarikoa ere bereziki zaindu dugu programazioa osatzeko orduan, eta hori dela eta, gustu eta kultur adierazpide ezberdinak hartu ditugu kontuan”. Halaxe azaldu du Topagunearen Kultugintza saileko teknikariak, Manuel Morenok.
Bizkaiko Kultura Diputatuak, Josune Ariztondok, Osteraren programazioaren izaera askotarikoa azpimarratu du. “Euskaraz ere baditugu gustu guztiak asetzeko moduko ikuskizunak, denak ere kalitate handikoak, eta Udagoieneko Osterak argi uzten du hori”.
Artistentzat ere haien lanak erakusteko primerako aukera da Udagoieneko Ostera. Guztira, hamaika musika eta antzerki talde jarriko ditu dantzan kultur zirkuituak, 50 artista baino gehiago: Xabi eta Fredi Paya, Onintza Enbeita, Uxue Alberdi eta Sustrai Colina bertsolariak Patxi Gallego marrazkilariarekin batera; Iban Garate, Aitziber Garmendia, Ana Elordi, Ane Zabala, Galder Perez, Jon Plazaola, Asier Hormaza, Ainhoa Aierbe eta Aitor Gabilondo aktoreak, Ama Say, Piztiak, Oreka TX eta Su ta Gar, Petti, Zura, Mikel Markez eta Seiren musika taldeak…
Udagoieneko Osteraren programazioa datorren larunbatean, azaroak 1, hasiko da, Sondikan, eta abenduaren 5ean bukatuko da Leioan. Emanaldien data eta ordu zehatzak jakiteko, begiratu honekin batera doan programa.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 88 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea, sentiberatzea…