Umore antzerkia nagusituko da Arnagako Jaialdian
Hiru gaualdi eskainiko dira abuztuaren 15etik 17ra Kanboko Arnaga jauregian burutuko den XIII. antzerki jaialdian eta lehenengoan JOB Theatro taldeak Moliere antzerkigilearen ‘Le Bourgeois Gentilhomme’ komedia taularatuko du. Hurrengo egunean Esquisse taldeak Théophile Gautieren ‘Le capitaine Fracasse’ antzezlana aurkeztuko du eta 17an Remise à 9 zirko konpainiak ‘Le monstrueuse parade’ ikuskizuna eskainiko du. Kanboko Arnaga jauregian burutuko den Antzerki Jaialdiaren XIII. edizioak lehentasuna emango dio umorezko antzerkiari. Aurtengo ekimena 15ean hasiko da zortzi urtetan jaldi lapurtarrean izan den JOB Théâtre taldearekin, “ikusleek berriz ere talde hau gonbidatzeko eskatu digutelako” antolatzaileen esanetan. Lehen emanaldi horretan Moliere idazlearen ‘Le Bourgeois Gentilhomme’ komedia jarriko da ikusgai. Ikuskizunak Moliereren oinarrizko testua errespetatzen badu ere, hainbat berrikuntza tartekatzen ditu ekoizpen honetan, antzerki tradizionalean oinarritzen den komediak modernitate handia azaltzen duelako. Lehen emanaldi horren ondoren Esquisse taldeak Théophile Gautieren ‘Le capitaine Fracasse’ antzezlana jarriko du ikusgai, Comedia dell’arteren tradizioan oinarritutakoa lana alegia. Esquisseren ekoizpena aurtengo Avignongo Antzerki Jaialdian aurkeztu dute. Agerraldiak burutuko dituen ikuskizuna abuztuaren 17an taularatuko da eta kontutan izanik aurten Zirkoaren Urtea ospatzen dela Estatu frantziarrean ekimen berezia egitea erabaki dute antolatzaileek. Azken gaualdian Remise á 9 zirko konpianiak ‘Lido’ deituriko eskolako artistek ‘Le monstrueuse parde’ ikuskizuna eskainiz, zirkoa, umorea eta antzerkia elkartzen dituen saioa ikuslegoari eskainiko diote. Emalandiez gain, hogei bat haurrentzako antzerki teknikak ezagutzeko ikastaro bat antolatu dute.