Unicef-en aldeko kontzertua emango dute Ainhoa Arteta eta Orfeoi Txikiak
Donostiako Orfeoiko Orfeoi Txikiak eta Ainhoa Arteta sopranoak, Gabonetako ohiko kontzertua emango dute abenduaren 28an Unicefen alde. Hainbat urtez jarraian egin da kontzertu hori Donostian, munduan gutxien daukaten haurren alde. Donostiako Orfeoiak Unicefi ematen dion laguntza hau 1998ko Gabonetan hasi zen, eta Haurrek Haurrentzat/Niños para los niños lehen kontzertua eman zuten orduan. Sei urte igaro dira, eta harreman hori finkatu egingo da, lankidetza akordioa sinatuko baitute Gipuzkoako Foru Aldundiko areto nagusian egingo duten ekitaldi batean, hilaren 28an bertan, eguerdian. Ahaldun nagusi José Juan González de Txabarri izango da ekitaldian buru, eta Donostiako Orfeoiko presidente José María Etxarrik eta Unicefeko Gipuzkoako Batzordeko presidente José Arenak sinatuko dute agiria. Ignacio Telletxea Idigoras idazlea izango da ekitaldiko aurkezlea; Unicefen Espainiako Batzordea ‘Donostiako Orfeoiaren Ohorezko Lagun’ izendatuko dute bertan, eta abesbatza, berriz, ‘Unicefen erakunde laguntzaile’ izendatuko dute.
Urteroko kontzertu honek bi helburu ditu, lehen emanaldiaz geroztik: batetik, dirua biltzea, eta bestetik, gizartea mundu osoko haurrek dituzten arazoen inguruan sentsibilizatzea. 1998tik eman dituzten programek arrakasta handia izan dute emanaldi guztietan, eta agertokia aldatu beharra ekarri du horrek, handiagoa izan dadin. Lehenengoa Victoria Eugenia antzokian egin zen eta, Kursaal kongresu jauregia inauguratu zutenean, Ganbera Aretora eraman zuten; azkenean, Kursaaleko Auditoriora eraman behar izan zuten.
Orfeoi Txikiko haurrek aparteko erantzuna eman dute urte hauetan guztietan, eskuzabaltasun handiz, entsegutan eta kantu saioetan eman baitute aisialdia. Hartara, beraiek baino gutxiago duten haurrei laguntzeko programak aurrera ateratzen lagundu dute, elkartasunezko ahalegin horri esker. Bide horretan, Mitch urakanak jotako Erdialdeko Ameriketako haurrak, Potosíko eta Cochabambako haur boliviarrak -Proandes proiektua garatzen ari da Unicef, euren elikadura gabeziak desagertarazteko eta alfabetatze programa ezartzeko-, Afganistan berreraikitzeko proiektuak, eta Senegalgo neskatoen heziketa babestu dituzte.
Orfeoi Txikiko zuzendari Alaitz Guridik gogo handiz prestatu du kontzertuaren programa Esteban Urzelai bere laguntzailearekin batera. Ikasturteko azken hiru hilabeteetan eta zenbait asteburutan egin dituzte obren entseguak.
Gabonetako aurtengo kontzertuan, Ainhoa Artetaz gain, Donostiako Orfeoiko piano jotzaile Patxi Aizpiriren akonpainamendua eta Rubén Fernández Agirre piano jotzailea izango dira; soprano tolosarrarekin batera aritzen da azken hori. Bestalde, programak, bost atal izango ditu:
Lehenik, txikienen taldeak Luisma Andrésen Ilargi ederren, Xanti Espinaren Belengo herri polita, Javi Bustoren Gabon izar eder eta X. Sarasolaren Gau ilunak ez badu interpretatuko ditu.
Orfeoi Txikiko nagusienen taldeak, berriz, Fauréren Agnus Dei, Robert Grahamen When Jesus was born, Casalsen Nigra sum eta J. Estéren Kyrie, Adoramus te, Gloria, interpretatuko ditu.
Ainhoa Arteta artista gonbidatua izango da hirugarren atalaren protagonista, eta Adolphe Adamen Cantique de Noel, Pietro Mascagniren ‘Cavalleria Rusticana’ operako Ave Maria, Pietro Yonen Gesù bambino eta Alan Menkenen Someday interpretatuko ditu.
Jarraian, abesbatzako bi taldeek David Willcocksen Angelus ad Virginem, John Rutterren Tomorrow Shall Be My Dancing Day, E. Ibargutxiren Oi Betlehem, Miguel Asíns Arbóren Adeste Fideles eta Roger Emersonen We Are the World abestuko dituzte.
Azkenik, Orfeoi Txikiko haurrek G. Olaizolaren Haurtxo polita, F.X. Gruberren Stille Nacht eta Luis Urteagaren Birjina maite gabon kantak abestuko dituzte Ainhoa Artetarekin batera.