Xabier Mendiguren Elizegiren ‘Heroien gaua’ eta ‘Amodioaren ziega’ argitaratuta
Artezblai Argitaletxeak Xabier Mendiguren Elizegi idazle beasaindarraren ‘Heroien gaua’ eta ‘Amodioaren ziega’ antzezlanak argitaratu ditu bere Antzerki Testu Bildumaren hamairugarren alean. Jada liburutegietan aurkitu daitekeen argitalpenak estreinatu gabeko testu bi biltzen ditu, zeinetan, Aizpea Goenagak bere hitzaurrean dioenez, “gaurkotasunari atzaparra botatzen dio, inolako beldurrik gabe. Gaur egun egoera politiko eta sozial konkretu batean bizi diren pertsonaiak marrazten ditu. Harrapatuta dauden pertsonaiak dira. Egoerak harrapatutakoak, eta baita beren psikologiak hartara lerratuak. Beren egoera eta baldintzetatik ihes egin ezinik, bizi izateko borrokan murgilduta daudenak”. Artezblai Argitaletxeak euskal antzerkigintza garaikidearen euskarri izatearen xedearekin sortu zuen Antzerki Testu Bilduma. Bai taulagainerako sorkuntzaren lekuko, baita idazleak bere bakardadean paperean isladatutako istorioa eta, inoiz, arte-lan ezberdin batean eraldatu daitekeena, teatroa alegia. Liburu honek biltzen dituen testuak azken kasu honen adierazgarri dira. Xabier Mendiguren Elizegik sortuak, ‘Heroien gaua’ eta ‘Amodiozko ziega’ egoera politiko baten itzalean kokatzen dira. Lehenengoa, bizitzari buruzko hausnarketa bat da, bikoteen arteko harremanen higadurak eta belaunaldien arteko borrokak isladatuz. Amodioaren ziega berriz, gartzelako vis a vis-eko gela batean jartzen ditu pertsonaiak, halabearrez, etorkizun zehatzik gabeko amodio istorio hunkigarria azaleratuz.
Xabier Mendiguren Elizegi (Beasain, 1964). Filologoa ikasketaz eta editorea lanbidez. Obra zabala osatu du, genero ugaritan; besteak beste, gazteentzako kontakizunak idatzi ditu: ‘Harrika’, ‘Patakon’, ‘Irakasle alu bat’, ‘Obsexuen kluba’, ‘Kanibalaren kaiola’, ‘Txakurraren alaba’; helduentzako ipuin bildumak: ‘Hamalau’, ‘Errautsen distira’, ‘16 ipuin amodiozko’; eleberriak: ‘Bekatuaren itzala’, ‘Berriro igo nauzu’, ‘Gure barrioa 1975’, ‘Uda betiko balitz’; autobiografia eta saiakeraren arteko lanak: ‘Nerabearen biluzia’, ‘Errekarteko koadernoa’, ‘Arbelaren gainean’. Antzerkiaren arloan, ‘Kanpotarrak maisu’ eta ‘Kultur ministrariak ez digu errukirik’ izan zituen estreinako lanak; ‘Ankerki’ liburuan bildu zituen antzerki esperimentalak (‘Publikoari gorroto’, ‘Zabortegia’, ‘Hiru jolas gaizto’, ‘Horren maite zaitut’); kutsu herrikoiaz egin zuen ‘Pernando, bizirik hago oraindio’, eta asmo sozialago batekin azkenekoak: ‘Garai(a) da Euskadi’, ‘Hilerri itxia’, ‘Telesforo ez da Bogart’, edo honako biak.
Artezblai Argitaletxeak antzerki garaikideko liburuak kaleratzeari ekin zion 2002an. Geroztik, hamairu liburu jarri ditu antzerki zaleen eskuragai, hala nola, Felipe Loza eta Garbiñe Losadaren ‘Sin Vergüenzas/Lotsa gabe’, Maite Agirreren ‘Y María, tres veces amapola, María…/Bilbao. Lauaxeta, tiros y besos’, Teresa Caloren ‘Mentiras/Entre líneas’, Garbiñe Losadaren ‘El amigo de John Wayne’, Ozkar Galánen ‘Anpurrek’, Barakaldoko Antzerki Ikastegiko ikasleen ‘Más que palabras’, Arístides Vargas eta Patricio Vallejoren ‘De cómo moría y resucitaba Lázaro, el lazarillo/Tarjeta Sucia’, Aitor Txarterinaren ‘Zenbakiak ala eleak.Pedagogoak gogoan/Eko-logikoa’, Patxo Telleriaren “Kontenedore baten istorioak/Euskera sencilloaren manifiestoa”, Kukubiltxo taldearen “Kukubel/Txirrikiz/Ekidazu”, Aizpea Goenagaren “Agur betiko”, Teresa Caloren “¡Ay Manolo!” eta Xabier Mendiguren Elizegiren azken hau.
“Heroien gaua / Amodioaren ziega” liburua 9 eurotan dago salgai YORICK Arte Eszenikoen Liburudenda Birtualean (www.artezblai.com/yorick/) eta Euskal Herriko ohiko liburudendetan.