Zarautzek kultur programazio egonkorra edukiko du irailetik aurrera
Zarauzko Udaleko Kultura Departamentuak urte osoan zehar mantenduko den kultur programazioa abian jartzea sustatu du. Ekimen berri hau martxan jartzearekin batera, kultur eskaintza aberats eta zabala adin guztietako zarauztarren eskura ipini nahi da, musikarekin hasi eta antzerkia eta bestelako arte eszenikoetaraino. Apustu garrantzitsua da hau oso, izan ere, lan sakona egin behar da kultur eskaintza egonkorra osatuko duten emanaldiak prestatu eta antolatzeko eta gainera, ekimen honen bidez, ikuskizunetara joango den publiko egonkor bat ere lortu nahi da.
Zarauztarrek behin eta berriz frogatu dute kulturarekin daudela. Udalak kultur ekintzak antolatzen dituen bakoitzean herritarren erantzuna bikaina da eta hortaz, Kultura Departamentuak txanda honetan ere zarauztarrak horrenbesteko mimoz osatzen duen kultur programarekiko interesa izango dutela fio da.
Urte amaierara arte, hau da, iraila eta abendua bitartean, Kultura Departamentuak dagoeneko 8 kultur jarduera antolatu ditu ibilera berri honi hasiera emanez. Era askotako emanaldiak dira musika klasikoa, antzerkia, antzerki musikala edo magia, esate baterako, eta publikorik zabalenera iristeko xedea dute. Helduentzat, gazteentzat eta familian gozatzeko ikuskizunak ere aurkitu daitezke programazioaren baitan. Kultura Departamentuak Lizardi Antzokia alokatu du jarduera hauek guztiak garatzeko epe motzean Zarauzko Arte Eszenikoen Gune berriaren ateak ireki bitartean.
8 ikuskizun urte amaierara arte
-Irailak 18: Euskal Konpositoreak. DOS Hari laukotea. Donostiako Orkestra Sinfonikoko kide gazte batzuk osatutako laukoteak musika klasikoko errepertorio zabal bat eskainiko dute.
-Irailak 26: Inalanbrikak. Vaiven Producciones. Euskarazko musika-komedia honek Inalanbrikak taldearen entsegura gerturatuko gaitu, emanaldia hasi aurreko uneetara. Abeslariak euren beldur eta zalantzak gainditu ahal izango dituzte euren arteko adiskidetasunari esker.
-Urriak 16: Piano bat bertsotan. Ainhoa Ansa eta Jagoba Astiazaran. Musika eta kantu ikuskizun oso berezia da. Publikoa bera izango da entzun nahi dituen euskal kantuak aukeratuko dituena eta musikariek unean bertan interpretatuko dituzte abestiak. Gainera, publikoak aktiboki parte hartu ahal izango du pantaila batean ipiniko diren abestien hitzak kantatuz.
-Urriak 24: Karrakela. Kilima Antzerki Taldea. Haur-ikuskizun honek interpretazioa eta antzerki-teknika desberdinak musikarekin nahasten ditu. Ikuskizun honek ontzi batean bihurtuko den zuhaitz baten istorioa kontatzen du, biziaren zikloari eskainitako kantu alaia.
-Azaroak 20: Koldo Ameztoy. “In Vino Fabula”. Koldo Ameztoy kontulariak eta Pantxix Bidart musikariak ardoaren mundura gerturatuko gaituzte olerki, abesti eta musikaren bidez.
-Azaroak 28: Txan Magoa. Txantxetan? Magia ikuskizuna euskaraz Txan magoaren eskutik.
-Azaroak 18: Txatarreria keaton. Laukote honek musika eta Buster Keatonen filmeetako irudiak konbinatzen ditu publiko guztientzat egokia den eta berritzailea suertatzen den emaitza batekin.
-Abenduak 12: Zirko iluna. Hortzmuga Teatro. Behea jotako zirku zahar baten istorioa kontatzen du gelditzen diren langileen esperientzien bitartez, eta txotxongilo handi eta zirku emanaldi txikien bidez publikoaren partaidetza handia lortzen du. Antzerki lan hau familia osoari zuzenduta dago eta bereziki, 6 eta 12 urte bitarteko haurrei.
Hala, bi ikuskizun talde osatu dira: 4 familientzat eta beste 4 heldu edota gazteentzat.
Ikuskizun hauetako edozeinerako sarrerek 5 euroko kostua izango dute eta ikuskizun-talde bakoitzeko (familiak/heldu-gazteak) 4 ikuskizunetara joateko abonuak, 15 euro. Sarrerak “Sanz-Enea” Kultur Etxean (Nafarroa kalea, 22 – Tel: 943/005120) salgai egongo dira irailaren 14tik aurrera edota Lizardi Antzokian bertan ikuskizunak ospatuko diren egun berean (funtzioa hasi baino ordubete lehenago). Tokia mugatua denez, azken unera arte ez itxarotea gomendatzen da.