El Chivato

Zortzi ekitaldik osatzen dute aurtengo ‘Udagoieneko Ostera’

Seigarrenez, urtero legez, Topagunea Euskara elkarteen federazioak “Udagoieneko Ostera” zirkuitu kulturalaren aurtengo ibilbidea aurkeztu du. Egitarauak nobedade asko hartzen du bere barnean baina helburuak lehendabiziko edizioarena jarraitzen du izaten; “Bizkaiko antzoki ospetsuenetara punta-puntako euskal kulturgileen ekoizpena eramatea” , Topaguneko zuzendari den Jasone Mendizabalek azaldu duen moduan. Izan ere, Topaguneak berak antolatzen duen Kultur Errota egitasmoarekin alderatuz, zeinean formato txikiko ikuskizunak eskaintzen diren, azaroaren 4tik abenduaren 17ra bitartekoak antzoki handietarako daude prestatua, ikuslego zabalago batengana iritsi asmoz.
Bizkaian, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzarekin aurrera ateratako proiektua izanik, eta bost urteko esperientzia lagun, “gure lehentasunen artean erdaldutako guneetan euskarazko programazioa eskaintzea dago”, Jasone Mendizabalen hitzetan, “horixe baita Topaguneak egitasmo honekin duen helburu nagusia, Bizkaian euskararen erabileran eragitea ”. Udagoieneko Osterako kontzertu, pailazo, antzerki eta dantzek beteko dituzte beraz, azaroaren 4tik abenduaren 17ra bitarteko arrats eta gauetan Getxo Antzokia, Basauriko Social Antzokia, Zalla zine-antzokia, Bilboko Arriaga antzokia, eta izen handiko beste hainbat toki. Zortzi ekitaldik osatzen dute aurtengo kultur eskaintza berri eta berritzailea, eta gaur egun Euskal Herrian ditugun artista nagusiak bilduko ditu urteroko zitak: Udagoieneko Osterak.
Askotariko eskaintza kulturala da, hainbat kultur arlo biltzen duena eta adin zein zaletasun ezberdineko pertsonengan pentsatua. Manuel Moreno Topaguneko Kultur teknikariak nabarmendu duenez, “urte bakoitzean aurkez daitekeen kultur eskaintzarik erakargarriena ezagutarazteko asmoz”, eta lan horretan, Udako Osterak hainbat artista esanguratsu biltzea lortu du: “Mikel Urdangarin, Ken 7, edota Sorkun bezalako izen handiak eta luzaroan esperotako itzulerak izango dira Bizkaiko herriotan”. Aurrekoekin batera Oskorri-Kukubiltxo, Kukai-Tanttaka, Pirritx eta Porrotx, Zura,.. Ekarpen berritzaileen aldeko apustua egiten du urtero “Udagoieneko ostera”k eta aurtengoan ere horrelaxe izango da Manuel Morenok azpimarratutakoaren arabera, “aurtengo programazioa ixteko, ausardia, kalitatea eta kultur molde berriak uztartuko dira”. Horrela beraz, “bukatzeko, hip-hop kulturaren oinarrizko elementuetakoak diren Breakdance-a, rap-a eta irudien mundua biltzen dituen Klonk ikuskizunaren emanaldia izango da Bilboko Arriaga antzokian”.
Ikuslegoa eta kulturgileak asetzeko helburuaz, Topaguneak baldintzarik hoberenak bermatzen ditu egitasmo honetan eta horretarako kalitateari garrantzi handia ematen dio. Ikuskizunak, antzokiak, antolakuntza eta zabalkundea zaintzen ditu maila goreneko kulturgileei, euren sorkuntzak baldintza hoberenetan eskaintzeko aukera emanez eta ikusleak asetzeko parada eskainiz, “hitzaren presentziari garrantzia handia ematen diogu, disziplina ezberdinak bilduz, eta inbertsio mediatiko zabala egikarituz”, aipatu du Mendizabal Federazioko zuzendariak.
Urte bakoitzean aurkez daitekeen kultur eskaintzarik erakargarriena ezagutaraztea izaten da gure helburua. Horretarako, aurten, euskal kantuak azken hamarkadan eman duen ustekabe arrakastatsuena izan den MIKEL URDANGARINen berragerpenaz, bakarlari gisa, hasiko da Ostera. Paregabeko hasiera mailari eutsiko dio, dudarik gabe, bigarren proposamenak, KEN 7 taldea izan da eta bizpahiru urteotan “arrakasta” hitzaren adibide argiena eman duena, euskal musikaren, ustez, berezko eremua gaindituz eta zabalduz. Mikel Urdangarinena, bakarlari gisako berragerpena moduan azaldu badugu, SORKUNena izendatzeko adjetiboen beharra izango dugu nahi eta nahi ez. Kashbad taldean ezagutu genuen, gero “ONNA” izeneko bakarkako diskoan argi utzi zuen ahots bero eta indartsuaren jabe dena. Ordutik, handik hona ikusi dugu Fermin Muguruza eta bere kontrabandarekin nazioarteko biretan eta azkenik “DUNA” diskoarekin dator, berriro ere, gure musikaren alerik berezienetakoa, Udagoienean Osteraren eskutik. Izen handiak eta luzaroan esperotako itzulerak orain arte aipatutakoak. Horiekin batera, hasierako edizioetatik programazio honen ezaugarrietako bat izan dena, berrikuntza. Euskal sortzaileak ez dira geldi egotekoak eta Lauaxetaren mendeurrenaren karira, hau eta Federico Garcia Lorcaren arteko harreman literarioan oinarritzen den kultur alorranitzeko ikuskizun berezia aurkeztuko digu ZURAk, Xabi Strubell-en (Dut) talde berriak.
Hurrengo propasamenekoak ez dira itzuli, ez baitira, duela 18 urte agertu zirenetik, inoiz joan. Hori bai, jantzi berriarekin datoz, PIRRITX ETA PORROTX pailazoen ikuskizun berria hurbilduko digu Osterak, “Maite zaitut” izenekoa, barre, dantza, eta kantuz egin daitekeen kulturarteko zubia eraikiz. Izen handiak aipatu ditugu arestian, zer esan bada, hurrengoaz. KUKAI dantza konpainiak eta TANTTAKA antzerki taldeak Oteiza aukeratu dute, kolaboratzaile esanguratsu askoren laguntzaz, dantzan oinarria duen ikuskizun borobila aurkezteko. Dantza, musika, poesia, bideoa… uztartzen ditu ikuskizunak baina, batez ere, Jorge Oteizaren berbak eta espiritua.
Sekula joan ez diren aspaldiko lagun biren itzulera ote beste hau? Zuek esan. OSKORRI eta KUKUBILTXO edo Kukubiltxo eta Oskorri. “Katuen testamentue” eta “Marijane kanta zan” ikuskizunekin egindako lanari segida emanez, oraingoan “Doktor do re mi eta Benedizebra” proposatzen digute, musikaz eta kolorez egindako festa erraldoia “umeentzat eta heldu argientzat”.
Aurtengo Udagoieneko Osteraren programazioa ixteko, ausardia, kalitatea eta kultur molde berriak kezka berriak azaltzeko. “Klonk”, hip-hop kulturaren oinarrizko elementuetakoak diren Breakdance, Rapa eta irudien mundua uztartzen ditu. Gaur-gaurkoa den proposamen honen atzean, kalitatea bermatzen duen “LOGELA MULTIMEDIA” Elorrioko taldea dugu eta estatu espainoleko breakdancer-ik onenek osaturiko “ADICCTOS” kolektiboa.


Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba